Ino Galparsoro ez dator bat ospitaleko erabiltzaileentzako aparkalekuak egiteko ardura Udalarengan bakarrik uztearekin

Julen Iriondo 2010eko otsailaren 17a

Arrasateko Udalak ospitale inguruko aparkalekuen auzian Osakidetzarekin adostasunera iristeko gogoa erakutsi du. Udalaren ustez, ez dira nahikoa ospitale berriaren sotoan egingo dituzten aparkatzeko 127 tokiak, eta ez da zuzena gainerako aparkalekuak egiteko ardura osoa Udalarengan uztea, ospitaleko gerenteak egin zuen bezala. Baina alkateak dio Osakidetzak proposamen egokirik egin ezean lanak geldiaraziko zituela esanez egindako ohartarazpena behar den bezala ulertu behar dela.

"Osakidetzak agertu zuenean ospitalea handitzeko asmoa, planteatu zen aurreikusi beharra zerbitzu horrek aparkalekuei zegokienez zelako beharra sortuko zuen. Proiektua aurkeztu zutenean, han ez zetorren aparkalekuen gaineko soluziorik. Baimenak hori lotu barik eman ziren, baina lanekin jarraitu ahal izateko, gai honi irtenbidea topatzeko konpromisoa adostu zen", azaldu du Ino Galparsoro Arrasateko alkateak. Konpromiso hori eraikin berrian langileentzat 127 aparkatzeko toki eginda betea dagoela adierazi du Jose Luis Angulo ospitaleko gerenteak. Udalak bestela ulertzen du adostutako konpromisoa, dena dela orain irakurketa desberdinok azaleratu diren arren, orain arte Osakidetza isilik egon izana nabarmendu du Arrasateko alkateak: "Orain, obrak amaitzeko eguna gertuago dagoenez eta presioa egiten hasi garenez, diote eurek nahikoa egin dutela langileendako aparkalekua eginda, gainerako lanak Udalari dagozkiola. Hori ospitaleko gerenteak esan du, baina ez dut hain argi Osakidetzak zer esango duen".

Osakidetzari otsaila amaierarako epea eman zion planteamendu bat egin zezan. Oraingoz ez omen dago Udala asetzen duen erantzun formalik. Esandako epean proposamenik aurkeztu ezean, ospitale berriko obrak geldiaraztera behartuta egongo litzatekeela zioen Udalaren ebazpenak. Alkateak ez du uste, dena den, horrelako neurririk hartu beharrik egongo denik: "Normala da presa eskatzea; administrazioak beti jartzen ditu epeak adostutako konpromisoak betetzeko".

Gerenteak esandakoaren kontra, alkateak dio ziur dela beste ospitale publikoetako aparkalekuak Osakidetzak ordaindu izan dituela, nahiz eta gero beste inork kudeatu agian. Galparsorok ez du konpartitzen ospitalearen erabiltzaileendako aparkalekuen ardura osoa udalarengan uztea: "Denon interesa da, eta inorena baino lehen ospitaleko gerentearena izan behar da hara doan jendea modu erosoan joan ahal izatea".

Dena dela, ika-mikak utzi, berba egin eta adostasuna lortzeko asmoa agertu du Arrasateko Udalak, aparkaleku arazoari irtenbidea jartzeko aukerak egon badaudelako ospitale inguruan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak