Inkisizio garaian kokatutako film baterako estrak behar dituzte

Ubane Madera 2009ko ira. 15a, 19:49
Inoiz filmaren batean parte hartu gura izan baduzue, oraintxe duzue aukera, etxetik larregi mugitu barik, gainera; estrak behar dituzte-eta Sua izeneko filmean parte hartzeko; zapaturako egin dute hitzordua, Ozaetan. Filmaren grabazioan parte hartu gura duenak 15:30erako egon beharra dauka han. Ekimenaren bultzatzaileek Arrasate Irratian emandako azalpenak dituzue jarraian entzungai.

1609. urtea da eta gure inguruan dabil Pierre de Lancre inkisidorea, sorgin eta bekatari bila, sua erabilita haiek menderatzeko. Horixe da Sua filmaren argumentua. Eta film horren azkeneko grabazioa guretik gertu, Ozaetan egin behar dute. Inkisidorea ekarri duten herritarrak jauntxoen kontra matxinatzen direneko eszena grabatuko dute, hain zuzen. Eta eszena hori grabatzeko behar dituzte estrak, “zenbat eta jende gehiago, hobe” kontatu du Unai Igartuak, filma lantzen dabilen Eneko Aritzaren Lagunak elkarteko kideak.

Filmaren grabazioan parte hartzeko, 15:30erako Otazan egon beharra dago; 17:00ak bitartean jantziak eta bestelakoak prestatu eta orduantxe hasiko dira grabazioa egiten.

Maskara tailerra eta bazkaria

Edozelan ere, grabazioaren aitzakiarekin, egun osorako ekitaldiak prestatu dituzte Garaion Naturartea elkarteko kideek. 11:00etatik 14:00ak arte maskara tailerra landuko dute, Amaia Zinkunegiren gidaritzapean. “Nafarroako hainbat herritako inauterietako mozorroak oinarritzat hartuz maskarak egitea da proposamena”, kontatu du Iraitz Agirrek, Garaion Naturartea elkarteko kideak.

Horrekin batera, Arrasateko Iñurritegi anaiek graffitia egingo dute, mitologiarekin lotutako murala, alegia.

Bazkarirako hitzordua egin dute ondoren, 14:30ean. Eta horren ostean hasiko dira Suaren grabazioa egiten.

Afaria eta akelarrea

Eguna borobiltzeko, grabazioan parte hartu ostean afaria egingo dute, eta ondoren, akelarrea. Gainera, akelarre moderno samarra iragarri dute, bestelakoen artean, DJ Bull-ek jardungo du jendea dantzan ipintzen.

Aurrez idatzitakoak ekimenaren bultzatzaileen ahotik entzun gura izanez gero, jarraian duzue entzungai Eneko Aritzaren Lagunak taldeko Unai Igartuak eta Garaion Naturartea elkarteko Iraitz Agirrek Arrasate Irratian emandako azalpenak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak