Zaborra batzeko modu berrien gainean aurki erabakiko dute

Maider Arregi 2010ko eka. 19a, 15:56
Ingurumen Batzordeak, Mankomunitateko Juntari, atez ateko zabor bilketaren proposamena aurkeztuko dio. Atez ateko sistemaren alde azaldu da Batzordea, baina Gobernu Juntak ez du oraindik azken erabakia hartu. Atez atekoarekin herri txikietan hastea aztertzen dihardute.

Mankomunitateko Ingurumen Batzordeak onartu zuen ekainaren 9ko batzarrean atez ateko zabor bilketaren alde egitea. Ezker Abertzalea eta Aralar alde azaldu ziren. EAJ alderdiak, berriz, bosgarren edukiontziaren aldeko apustua egin du.

Jose Mari Igartua (EAJ), Oñatiko Azpiegitura eta Ingurumen zinegotziak zera dio: "Epe luzera, atez atekoa garestiagoa da eta emaitzak antzekoak dira. Gainera, Udal bakoitzari dagokio gura duen zabor bilketa modua  aukeratzea".

Mankomunitateko Ingurumen Batzordeak atez atekoarekin Antzuolan eta Elgetan hastea proposatzen du. Bestalde, joan zen astean egin zen Mankomunitateko Ohiko Gobernu Batzarra, baina gaia bertan laga zuten, hurrengo batzar batean aztertzeko. Litekeena da, ez ohiko batzar bat deitzea aste bi barru gaiaren gainean eztabaidatu eta erabaki bat hartzeko. Horixe azaldu digu Mikel Etxaniz (Aralar) Bergarako Ingurumen zinegotziak.

Pedro Iturbe Antzuolako alkatearen ustez herriarendako guztiz bideragarria eta beharrezkoa dela atez ateko bilketa. "Antzuolako alderdi gehienak alde gaude eta eskualdetik hasita Gipuzkoa osora zabaldu beharko litzatekeela uste dugu". Helburua, birziklatzea eta zabor gutxiago sortzea dela azpimarratu du.

Oxel Erostarbe Elgetako  alkateak, ordea, dio presa ez dela lagun ona erabakiak ondo hartzeko: "Atez atekoa bultzatu nahi dugu herritarrekin batera eta horrek denbora eskatzen du. Gauzak ondo egin gura ditugu eta herriari hitza eman, horrek denbora eskatzen du eta ezinezkoa da agintaldia bukatu aurretik Elgetan atez atekoa ipintzea. Hala ere, hurrengo asteetan landuko dugu gaia Udalean talde bakoitzak bere iritzia eman dezan". Ibarreko herri guztietan atez atekoa ipintzearen alde dago Aralar. "Horrek, plangintza estrategikoa egitea eskatzen du, ekintza plana eta bideragarritasun txostena. Hiru urtean egin ez dena hiru hilabetean egin gura da eta ez zaigu aukera ona iruditzen".

Bestalde, PSE-EEko zinegotzi eta alkateek bosgarren edukiontziaren aldeko hautua egin dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak