Ilargi eklipsea gertatuko da bihar, zapatua, gauean. 22:30etan hasiko da eklipsea. Ordu horretan ilargia lurraren itzalean sartzen hasiko da eta 23:45ean, erabat itzaliko du. Momentu horretan ilargiak kolore laranja hartuko du eta horrela egongo da 01:00ak arte, eklipse totala amaitu arte. Ilargi eklipsea bera, 02:10ean bukatuko da.
Teleskopiotik begira
Ilatargi astronomia taldeak, Bergarako Aranzadi ikastolarekin batera, hitzordua egin du eklipsea teleskopiotik ikusteko. Bergarako seminarioko patioan egin dute zita, 22:30ean. Taldeak hiru teleskopio eramango ditu baina jendeak etxeko teleskopioa ere hara eramateko deia egin du Manu Arregi Ilargi astronomia taldeko kideak. "Herritar askok dute teleskopio bat etxean, Gabonetan oparitu diotelako, adibidez. Gura duenak seminariora eraman dezake bere aparailua. Eklipsea ikusiz gain, erabiltzen ere erakutsiko diogu, gura badu", esan du Manu Arregi oñatiarrak.
Sei hilean behin
Ilargi eklipsea sei hilabetean behin gertatzen den fenomenoa dela azaldu du Manu Arregik, "batzutan, ordea, hemen eguna denean gertatzen da eta munduko beste puntatik ikusten dute". Eguraldi ona eta argia egitea falta da orain eklipsea behar bezala ikusteko.