Sarrera denak aurrez saldu ziren beste behin Oñatiko erretiratuen elkarteko Ikusi Makusi antzerki taldearen azken lana ikusteko. Ia 300 lagun joan ziren egubakoitz iluntzean Oñatiko Santa Ana antzokira Axun Arzuagak idatzi eta zuzendutako bosgarren antzezlana ikustera, El jardin de la alegría.
Izen bereko filmean gertatzen den bezala, belar usaintsuak zaintzen dituzte erretiratuek, baina hori estalki bat baino ez da, marihuna saltzen ari baitira benetan. "Nik ez nuen pelikularen berri eta lan hau idatzi nuenean, El jardin de la alegria deitzea proposatu zuen taldeko kide batek. Gainerakoei gustatu egin zitzaigun eta horregatik jarri genion izen hori. Pelikula baten izenburua zela jakinez gero, beste bat jarriko genion", dio Arzuagak.
Gero eta hobeto
Antzezlan horren bigarren emankizun publikoa zen egubakoitzekoa eta Axunek berak aitortu bezala, "aurrekoan baino hobeto" ibili ziren denak. Ezustekorik ere izan zen, hala ere. Antzezlanean parte hartzen duten hamar aktoreetatik batek bakarrik janzten du pinganilloa, eta egubakoitzeko emanaldian lurrera erori zitzaion. "Baina geu bakarrik enteratu ginen, oso ondo disimulatu zuen", dio Arzuagak.
Paki Mateos ikusleen artean zegoen egubakoitzeko emanaldian. "Asko gustatu zait, barre asko egin dut. Ertzaina, adibidez, oso dibertigarria da; horrelakoak izan beharko lukete benetakoak ere". Mari Paz Goenagak ere ikusi du antzezlana, eta aurrekoak gehiago gustatu zitzaizkiola dio: "aktoreak oso ondo egin dute lana, meritu handia dute paperak ikasten eta hain natural egiten, baina niri argumentua ez zait gustatu".
Ordu t´erdi iraun zuen antzezlanak, 7 minutuko atsedenaldiarekin, eszenatokia eta aktoreak arropaz aldatzeko. Beste emanaldi bat ere egingo dute, "sarrerarik gabe gelditu direnendako", gaineratu du Arzuagak.