Iker Elortza: "Burnside taldearekin egingo dut denboraldi-aurrea; ea taldean hartzen nauten"

Xabier Urtzelai 2009ko abe. 21a, 17:40
Iker Elortzak (Arrasate, 1984) Arrasateko errugbi taldean jokatu zituen lehenengo errugbi partiduak, baina azken denboraldiak Ampo Ordizian egin ditu, maila gorenean. Elortzak, baina, esperientzia berri bati ekingo dio datorren urtarrilaren 7an. Asia aldean oporraldia egingo du, otsail erdialdean Zeelanda Berriko Burnside taldean lanean hasteko.

Orain dela pare bat hilabete Asteheleheko Goienkaria-n kontatu zituen Iker Elortzak datorren urterako dituen asmoak. Urtea amaitzear da, eta aste gutxi geratzen dira Arrasateko errugbi jokalariak Euskal Herria atzean utzi eta bizimodu berri bati ekiteko. Azken urteotan Elortza errugbiko maila gorenean ibili da jokatzen Ampo Ordizia taldean. Hori bakarrik ez, Basque Korsarioak izeneko proiektu berrian ere murgilduta ibili da; orain, berriz, Zeelanda Berrian izango du erronka: "Lehenengo, zazpi aste inguruko oporralditxoa hartuko dugu Asia aldean bidaiatzeko. Eta, otsail erdialdean joango naiz Zeelanda Berrira, Burnside Rugby Football Club taldearekin entrenatzera".

Aurre-denboraldiko probak

Elortzak, baina, aurre-denboraldiko frogak egingo ditu talde horrekin; oraindik ez da segurua bertan jokatuko duen: "Oporretan pisua galtzen dut beti, eta ez nuke nahi datozen zazpi asteotan horrelakorik gertatzerik. Bestela, talde berrian esango dute ea nondik irten naizen", dio Elorzak barrez.

Burnside taldea kluben ligan lehenengo mailan dagoen taldea da, baina, euren gainetik beste bi kategoria daude: "Lehenengo kategoria frankiziek osatzen dute, eta bigarren kategoria lurraldekakoa da. Hala, hirugarren kategoria kluben lehenengo maila da, eta printzipioz, hor lehiatzeko asmoz noa". Izango dugu Zeelanda Berritik Arrasatekoaren berri.

Argazkia: Javi Diaz Colorado.

Hemen duzue ETBko Laugarren denbora kirol saioan Iker Elortzari egindako elkarrizketa.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak