Ikasle Eguna bihar Arrasaten

Eneko Azkarate Laspiur 2009ko aza. 6a, 11:11
Ikasleak geroa marraztera doazela aldarrikatu nahi dute Ikasle Abertzaleak Antolakundekoek bihar, zapatua, Arrasaten egingo den Ikasle Egunean. Izan ere, jaia eta aldarrikapena, biak uztartu nahi dituzte eta horretarako hainbat ekitaldi antolatu dituzte: topaketak, manifestazioa eta ekitaldia; baina baita beste modu batekoak ere, ludikoagoak: bazkaria, rock kontzertuak, antzerkia eta batukada.

MUren fakultatean, Goi Eskola Politeknikoan egingo dituzte topaketak, goizez: IAren ikuspuntutik euskal ikasleen erronken, eguneroko arazoen eta aldarrikapenen gainean jardungo dute: besteak beste, Bologna, Euskal Hezkuntza Nazionala, euskararen presentzia unibertsitatean, euskal curriculuma, euskal ikasle mugimendua… Ikasleei zuzenduta daude topaketa horiek. Horretaz gain, manifestazioa eta ekitaldia ere egingo dituzte arratsalde-iluntzean, Seber Altubetik aterata.

3.000 lagun

Baina, esan bezala, jai giroan ospatu nahi dute Ikasle Eguna IAkoek eta ikasleekin ez ezik, edozein herritarrekin ospatu ere. Hala, trikiti-kalejira, herri bazkaria, antzerkia eta rock kontzertuak izango dira. Azken hori gauez, unibertsitatean, horretarako propio jarriko duten karpan. Des-Kontrol arrasatearrak izango dira izarrak eta Ikasle Egunerako egin duten abestia, Geroa marraztera goaz –Itziar Amuritza bertsolariaren hitzekin–, estreinatuko dute, besteak beste. Haiekin batera izango dira Esne Beltza eta Zea Mays, beste batzuen artean.

Antolatzaileek 3.000 bat lagun batu nahi dituzte aurten Arrasaten Ikasle Egunean. "Ikasleon eskubide urraketa guztien erantzuleei marra gorriak jartzen dizkiegu fakultate eta eskoletan. Eta marra gorriak markatzeaz gain, geroa ere marraztu behar dugula esaten dugu", diote antolatzaileek. Hala, bada, etorkizuna arkatzekin marrazten hasiko dira bihar, zapatua, Arrasaten; jai giroan, baina aldarrikapenak ahaztu barik.
Iaz 20 urte bete zituen IAk eta duela 11 urte hasi ziren antolatzen Ikasle Eguna, "ikasleon topaleku izateko" asmoz: "urtean barrena ikastetxeetan egiten dugun borroka kalera ateratzeko".

Egitaraua

10:30 Ikasle topaketak unibertsitatean. 
10:30 Umeendako jolasak; taloak eta barra; erakusketak eta ikasle-denda, Seber Altuben.
13:30 Triki-kalejira, ikasle topaketetatik bazkarira.
14:00 Bazkaria, Seber Altuben.
17:00 Kale giroan: antzerkia; Ikasle Musika maratoia, Taupa tabernan eta gaztetxean; batukada, kalean barrena...
18:00 Mirande Kabareta Kulturaten.
19:30 Manifestazioa Seber Altube plazatik abiatuta; amaieran, ekitaldia.
22:00 Kontzertuak Unibertsitatean: Des-Kontrol, KOP, Zea Mays, Esne Beltza; erromeria, Beste Bat taldearekin; Radio Afu…

Egunerako egin duten bideoa

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak