Ikasle Abertzaleek deituta azken atxiloketak salatu dituzte

Goiatz Arana Begiristain 2009ko abenduaren 4a

Segiko kide izatea egotzita Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak 35 lagun atxilotu izanaren kontra, mobilizazioak egin zituzten atzo Debagoienean, Ikasle Abertzaleek deituta. Oñatiko Txantxiku Ikastolako 60 bat ikaslek kontzentrazioa egin zuten eguerdian; eta Arrasaten, manifestazioa egin zuten unibertsitarioek. "Sistemaren inposaketa" pairatzen dutela salatu eta batera ekiteko beharra azpimarratu zuten.

MUren Arrasateko kanpusetik abiatu eta herriko plazarainoko ibilbidea osatu zuten, 'Ikasleak, sistema eta errepresioaren aurrean ekin dezagun batera' lelodun pankartaren atzetik. Babesa eman zieten atxilotu eta kartzelatutako gazte independentistei, euren senitarteko eta lagunei. "Espainiar eta frantziar estatuak sistema kapitalista eta patriarkalaren aurka lanean ari den gazte ororen aurka" ari dira, euren esanetan, eta eraso horren barruan kokatu zituzten azken atxiloketak. Gaineratu zuten ikasleak aspaldidanik dabiltzala "sistemaren inposaketa ezberdinak" pairatzen.

"Sistemari eta errepresioari aurre egiteko asmoz, Ikasle Abertzaleek gazte mugimenduak kaleratutako manifestuarekin" bat egiten dutela azaldu eta hainbat konpromiso hartu zituzten: "Manifestua ikasleria osoari zabaltzeko konpromisoa hartzen dugu eta Euskal Herriko zein nazioarteko ikasle antolakundeen atxikimendua bilatuko dugu", adierazi zuten. Horrekin batera, bihar, abenduak 5, Durangon burutuko den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak