Asteleheneko Goienkariak aurten ere martxan jarri du Udako Argazkien Lehiaketa. Hirugarren edizioa izango da, eta aurten ere, sari bikainak lortuko dituzte irabazleek. Parte hartu ahal izateko baldintzetako bat argazkiak udan ateratakoa izatea da; berdin da aurten edo aurreko batekoak izatea.
Baldintzak
Debagoienenko edonork parte hartu dezake lehiaketan. Argazkiak argitaragabeak izan behar dira, eta koloretan zein zuri beltzean ateratakoak izan daitezke. Ez da ezer ordaindu behar parte hartzeagatik, eta argazkiak aurkezteko orduan, paperean edo digitalizatuta egin daiteke.
Argazkiak e-postaz bidal daitezke argazkiak@goiena.com helbidera edo Goienaren egoitzaren batera eroan: Bergara, Arrasate edo Aretxabaletara. Irailaren 17ra arteko epea egongo da argazkiak lehiaketara aurkezteko.
Parte-hartzaileko bost argazki bidali ahal izango dira, eta horrekin batera adierazi beharko dira egilearen izen eta abizenak, adina, harremanetarako telefonoa eta argazkiaren deskribapen laburra.
Sariak
Astero argitaratuko dira bidalitako argazkiak, uztailaren 2tik aurrera Asteleheneko Goienkarian. Argazki asko jasotzen badira, ez dira guztiak argitaratuko. Aukeraketa egingo da argitaratzeko. Urriaren 1ean emango dira aditzera irabazleen izenak.
Argazkiaren kalitatea, originaltasuna eta bizitasuna bezalakoak baloratuko dituzte sariak banatzeko. Lehenengoari, Olympus E-400 reflex argazki kamera digitala emango zaio, Bergarako Kiñu argazki dendaren eskutik; bigarrenari, astebukaera bateko egonaldia bi pertsonarentzat, Arrasate Bidaiak-en eskutik, eta hirugarrenari, bi pertsonarendako Gatzagako Gure Ametsa jatetxean bazkaria edo afaria.