Igogailua jartzen duten enpresa batzuk iruzur egiten ari direla ohartarazi du Suradesak

Oihana Elorza Gorostiza 2007ko urtarrilaren 30a

Bizilagunek dirua jartzen dute igogailua jartzeko eta enpresak alde egiten du obrak bertan behera utzita, jarraitzeko dirurik ez duela esanez. Oñatin, Aretxabaletan eta Bergaran atzeman dituzte horrelako kasuak udatik hona.

Suradesak ohartarazi duenez, egoitza Bizkaian duten bi enpresetan atzeman dituzte kasu horiek. Luis Laskurain Suradesako gerenteak azaldu duen moduan: "beste edozein enpresak baino eskaintza hobea egiten dute. Bizilagunek dirua aurreratzen dute lanak hasteko baina enpresak bertan behera uzten ditu gero, zorrak ordaintzeko dirurik ez duela esanaz; atari baten, esaterako, zazpi milioi pezeta galdu dituzte bizilagunek".

Oñatin, Aretxabaletan eta Bergaran
Suradesako gerenteak dio uda ostean izan zutela lehenengo aldiz arazo horren berri. "Aretxabaletako Araba Etorbideko bi ataritan, Oñatiko Roke Azkune kaleko beste bitan eta Bergarako Koldo Eleizalde kaleko beste atari baten, behintzat, gertatu da hori. Bergarako beste atari bateko bizilagunak garaiz konturatu dira eta konpondu ahal izan dute, baina besteek zaila izango dute dirua berreskuratzen, epaitegietan dabiltzan arren".

Garantia

Luis Laskurainek esan du horrelakorik ez gertatzeko garantiarik onena lanak enpresa ezagun bati ematea dela, edo bestela enpresari buruzko informazioa lortzea. Horretan laguntzeko gertu dago Suradesa. Bestalde, bi enpresa horien aurrekontuak diztuzten bizilagunei, proiektu horiek ez onartzeko aholkatu die Luis Laskurainek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak