Colemanek konfiantza eman zion, eta Jose Ramon Eizmendik ez du dudarik izan: hasierako hamaikakoan behar du Gonzalezek. Hala, aste barruan Arrasatekoak onartu du Poli Ejidoren kontrako partidua gaitza izango dela: "Nik uste dut kategoria honetan ezer ez dela erraza, eta talde horrek lehenengo itzulian irabazi egin gintuen, hortaz...". Almeriakoek hainbat norgehiagoka galdu dituzte jarraian: "baina futbolean aurreko emaitzetaz ez dago fidatzerik".
Nobedade handiak
Etorri diren jokalarien artean, Pep Marti azpimarratu du Arrasatekoak "Fran Merida eta gainontzekoak ez nituen horren gertutik ezagutzen, baina Martik denboraldi ederrak egin ditu Sevillan, eta bistan da maila oneko jokalaria dela". Horrekin batera, azkenaldian kluba astintzen dabiltzan kontuen gainean ere galdetu genion: "Kontu horiek komunikabidetik jarraitzen ditut, baina jokalariengan ez dute zertan eraginik izan". Hala, jokalariei Lehenengo Mailara igo behar izate horrek larritasuna baino motibazioa sortzen diela azpimarratu du Gonzalezek.