Aurtengo Fitur azokak Krisiaren mamua gertutik izan duen arren, jendea gerturatu dela azaldu digu Ernesto Murgiondo, Oñatiko Kultura zinegotzi eta Gipuzkoako Diputazioko Turismo zuzendariak. Murgiondo, profesionalei zabaldutako egunetan izan da Fiturren. "Krisiaren eragina stand kopuruan eta tokian igarri da, baina, jendea ibili, ibili da azokan".
Gipuzkoan, azpimarratu diren hainbat toki eta ekinen artean, Donejakue urtea, Zumaiako flyscha eta lurpeko turismoa direla adierazi digu. Hain zuzen ere, lurpeko turismoaren barruan, Arrikrutzeko koba, Ekain-Berri eta Arditurri daude. Hain zuzen ere, hiru dira ikurrak: Ekain-Berri, Arditurri eta Arrikrutz. Baina, turismo erlijiosoak izandako gorakada nabarmendu nahi izan da Ignaziotar lurraldea proiektuaren bitartez. Hiru santutegi batzen ditu Loiola, Antio eta Arantzazu.
Ana Heriz, Mankomunitateko Turismo teknikariak balorazio positiboa egin du. "Jendeak interesa erakutsi du eta informazio asko eskatu du". Natura eta erlijioa batzen dituzten ibilbideek interes handia izan dute. "Ignaziotar lurraldea egitasmoaren barruan, ibilbide berriak prestatu nahi ditugu, San Francisco de Borjarena esaterako baita taldeendako ibilbideak ere".
Kalitatea oinarri
Asmoen artean, alojamendu eta jatetxe ezberdinekin kalitatezko programak garatu gura dute. XVI.mendeko erretaulen ibilbidea eta ildo tematiko ezberdinak ere sakondu nahi dituztela azaldu digu Ana Herizek.