Ibarretik hiru autobus doaz Kontseiluaren festara

Mireia Bikuña 2008ko abe. 12a, 09:34
Hiru autobusa 16:00etan irtengo dira: Bergarako autobusa geltoki nagusitik, Arrasatekoa Garibai Etorbidetik, eta Antzuolako Sagastitik. Plazak libre daude Bergarako eta Arrasateko autobusetan. Interesatuek izena eman dezakete AEK-n (943 77 03 69) eta Jardunen (943 76 08 19).

Antolatzaileek 10.000 lagun inguru espero dituzte bihar. "Aurreikuspenak egitea oso zaila da. BEC-en 13.000 lagun inguru sartzen dira, eta dagoeneko sarrera erdiak saldu ditugu. Baina, azken ordura arte zain egongo gara. BEC-en salduko dituzte sarrerak", esan digu AEK-k Kontseiluan duen ordezkaria Oskar Elizburu arrasatearrak.

Euskararekin konpromisoa

Eneko Olasagasti zinema zuzendariak antolatu du biharko ekitaldia eta zirkuko ikuskizunak izango dira ardatz nagusiak. Besteak beste, Kirmen Uribe idazlea, Elena Irureta, Asier Hernandez, Patxo Telerria eta Mikel Martin aktoreek, bertsolariak eta Kilikolo taldeak parte hartuko dute festan. Kontseiluko kideek herritar guztien parte-hartzea espero dute. "Jendetza espero dugu bihar, egun garrantzitsua da-eta. Duela hamar urte hartutako konpromisoa berrestu behar dugu. Euskaraz bai esan behar dugu, euskaraz bizitzeko pausoak eman eta sostengua behar dugu-eta", dio Oskar Elizburu.
Kontseiluko kideen nahia da festan parte hartzen duten guztiek konpromisoarekin bat egitea: "Norbere mailan, euskararen ezagutzaren eta erabileraren alde pausuak emateko konpromisoa hartzea gura dugu. Ez da nahiko euskararen alde gaudela esatea. Jakin behar dugu, pauso asko eman behar ditugula euskararen normalizazioa lortzeko, eta bidea bihar bertan hasi behar dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak