Ibarreko turismo bulegokoak pozik daude egunotako emaitzekin

Mirian Biteri 2008ko mar. 24a, 20:29
Bukatzear dauden Aste Santuko oporretan jende asko ibili dela azaldu digute Debagoieneko turismo bulegoek. Oñatin oso pozik daude izandako bisitari kopuruarekin. Arantzazu ere jendez gainezka izan da egunotan. Turistak Euskal Herrikoak, Kataluniakoak eta Madrilgoak izan dira.

Oñatiko datuak jaso ditugu dagoeneko. Hango turismo bulegoko arduradun Iñaki Igartuak jakinarazi digunez, 733 bisitari izan dira eta horietatik, 365 pertsonek parte hartu dute Unibertsitatean eta Elizan eskainitako bisita gidatuetan.

Horrez gain, 50 pertsona joan dira San Miguel errota ikustera eta 100 pertsonak gustu handiz ikusi dute Oñatiko DVDea, Turismo Bulegoan dagoen proiekzio gelan.

Jatorriari dagokionez, erdia Euskal Herrikoa da. Alegia, 372 pertsona. Kanpotarren artean, katalanak izan dira asko,142; Madrildik 80 eta Andaluziatik 23; eta atzerritik 20 pertsona.

Eguraldiak eragin handirik ez duela izan azaldu du Igartuak. Hala, jendeak aurretik planak eginda zituela eta eguraldi txarragatik, horiek ez dituela bertan behera utzi esan du.

Arantzazun ere pozik daude. Santutegiak egunero bisita ugari izan dituela adierazi digute, baita aste bukaeran ere. Azken horren harira, aipatu beharra dago domeka goizean bidea itxita egon zela elurragatik.

Arrikrutzen 20.000 bisitaria hartu zuten joan zen egubakoitzean: Leire Fernandez oñatiarra.

Eskoriatzako Ibarraundi museora, bestalde, 50 bat lagun hurbildu dira. Gehienak ingurukoak izan direla azaldu digute. Eguaztenean eta domekan egon zen jende gehien han.

Leintz Gatzagan eguraldiari begira izan dira. Eguaztenetik egubakoitzera jendea izan zen gatz museoan eta herrian. Bada, aste bukaeran ez zuten bisitarik izan, elurragatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak