Urte hasieran, Debagoieneko tranbiaren proiektuaz berba egitekoak ziren Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegitura Saila eta tranbiak hasieran lotuko lituzkeen hiru herrietako udal ordezkariak –Arrasate, Bergara eta Aretxabaleta–. Baina denbora pasa da eta oraindik ez dute bilerarik egin erakundeek.
Horren harira, Oihana Aranburu Arrasateko jarduneko alkateak esan du “oraindik” ez direla batu Garraio sailarekin, baina data ipinita dutela.
Alegazioak aztertzea
Batzar horretan, batik bat, udalek tranbiaren proiektuari jarritako alegazioek ze erantzun izan duten landuko dute. “Jaurlaritzak aurkeztutako tranbia proiektuari Udalak hainbat alegazio jarri zizkion; bada, bileran, alegazio horiek onartu dituzten edo ez azalduko dizkigute”, adierazi du Aranburuk. Arrasateren kasuan, alegazio jakin baten gainean erantzungo ziotela agindu zion Eusko Jaurlaritzak; hain zuzen, hasieran, ibilbidea Zarugalde kaletik zihoan; auzotarren alegazioen aurrean, Garraio Azpiegitura sailak Santa Barbara parkea zeharkatzea proposatu zuen, eta, horri erantzunez, Arrasateko Udalak "alternatiba arrazoizkoagoa” proposatu zuen, alegia, Garibai kaletik pasa zedila tranbia.
Jaurlaritzako teknikariak proposamen hori aztertzekotan geratu ziren. Gaineratu du Aranburuk, alegazioak Udalak eta herritarrak jarritakoak direla.
Informaziorik ez
Aretxabaletako alkate Inaxio Garrok esan du eurek ez dutela bilera horren berri jaso. “Urte hasieran garraio publikoaren inguruan berba egitekotan ginen, baina dagoeneko hiru bider atzeratu da bilera”, dio Garrok. Tranbiaren inguruan, baina, Aretxabaletako udalak ez du bilerarik egiteko informaziorik jaso, eta “gure artean ez da inongo komunikaziorik egon”, gaineratu du.
Eusko Jaurlaritzako garraio azpiegitura sailak esan du Sailburua oraindik ez dela alkateekin elkartu.
Zerbaitetan, behitzat, bat datoz Debagoieneko Udalak eta Eusko Jaurlaritza: tranbiari bultzada eman gura diote. Eperik ez finkatu arren, egokiena ahal bezain laster bilera egin eta trazaturik onena zehaztea da.