Ibarreko pediatria zerbitzuarekin kezkatuta daude herritarrak

Mireia Bikuña 2008ko abe. 4a, 16:19
Ibarreko hainbat herritako (Arrasaten, Eskoriatzan eta Aretxabaletan) eta Aramaioko gurasoak kezkatura daude euren seme-alabek jasotzen duten pediatria zerbitzuarekin. Mediku azterketak egiteko txandarik ez dute ematen, edo pediatraren lana egiteko ordezkorik ez daukate.

Aramaion adibidez, pediatra barik daude azken asteotan, eta Arrasateko anbulatoriora joan behar dute. "Arrasateko pediatra martitzenean etortzen zen Aramaiora. Baina, Aretxabaletako eta Eskoriatzako umeei zerbitzua ematen dien pediatrak istripua izan zuen, eta erabaki zuten gure pediatra herri horietara bidaltzea. Ostera, Aramaiokoak Arrasatera joan behar dugu", esan digu Aramaioko Larraitzek. Baina, Aramaion sortutako arazoa handitzen joan da, Arrasaten zeuden bi pediatretako batek baja eskatu duelako. Horregatik guztiagatik, pediatra bakarra dago Arrasate eta Aramaioko umeak zaintzeko.
Arazo larriena ordea, txandak hartzerakoa orduan aurkitzen dute gurasoek. "Azken hilabetean pediatra bakarra dagoenez ez digute txandarik ematen, urgentzietara bideratzen gaituzte, eta ez digute egoeraren berri zehatzik ematen. Inkomunikatuta gaude. Egoera hau ez da oso normala, eta ez da oraingo gauza. Gure alabak 2 urte ditu eta jaio zenetik ez dugu pediatra egonkorrik izan. Barne aldaketa asko daude. Osasunari buruz berba egiten gabiltza!", esan digu Arrasateko Mikelek.
Aretxabaletako gurasoak ere oso haserre daude. "Sinadurak biltzen hasi gara. Herriko hiru ikastetxeetan jarri ditugu duintasunezko zerbitzua eskatzeko paperak", esan digu Mirarik.
anbulatorioko pediatrak
Arrasateko osasun zentroko langileak dira gurasoen aurrean aurpegia ematen dutenak. "Lau eta bost aldiz aldatzen diegu txanda. Pediatra bakarra dago, eta  ezin ditu mediku azterketak egin eta txertoak jartzen. Ospitaleko pediatrei eskatu diegu jaioberriei eta ume txikiei txertoak jartzeko baimenak ematea", esan digute anbulatorioko langileek.
Baina, ospitaletako pediatren iritzia bestelakoa da. "Gure lana da urgentzietan eta erditzetan egotea eta ospitaleratuta dauden umeak zaintzea. Orain hasi gara lau orduz gaixorik dauden umeak ikusten. Baina, azterketak eta txertoak anbulatorioko pediatrak jarri behar ditu", esan digu ospitaleko Rocandio doktoreak.
Arrasateko Iban Rodriguezek baieztatu digu ospitaleko pediatrek lau orduko zerbitzua ematen dutela: "Bai, hala da. Baina bakarrik gaixo dauden umeak ikusten dituzte; ez dituzte azterketarik egiten eta txertoak ez dituzte ipintzen. Bi urteko alabarendako txertoa hartzeko txanda hiru hilabete barrurako eman didate. Ez dago eskubiderik. Dagokionak, arazoari irtenbidea eman beharko lioke!".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak