Salmentak, ondo
Salmentei dagokienez, batzuek beste batzuek baino arrakasta handiagoa izan dute. Erakusmahai aurrean pilatutako ilarek ondo erakutsi dute hori; Toti Martinez de Lezea idazle arabarrak, esaterako, izugarrizko arrakasta izan du bere azken lanarekin, La Brecha. Barricada taldeko El Drogas egubakoitzean izan zen, Pamielaren erakusmahaian Barricadari buruzko liburua sinatzen, eta hark ere jende ugari izan zuen zain.
Ibarrekoak
Gurera etorrita, ibarreko hainbat idazle eta musikari izan da azokan. Ruper Ordorikaren Memoriaren mapa (Elkar) diskoaren ale asko saldu dituzte. Baita ere Pello Zabalak Alberdania argitaletxearekin atera duen Zeruan Zer Berri eguraldiari buruzko liburua.
Besteak beste, Ohiukaren erakusmahaian, Potemkin, Une eta Des-krontrolen lanak izan dira. Potemkin talde oñatiarra zapatuan izan zen Durangon diskoak sinatzen: "Giroa ona izan da eta jendea hurbildu da diskoa erostera. Hala ere, diskoetxekoek esan digutenez aurten salmenta maila jaitsi egin da", aitortu zigun Iban Idigorasek, Potemkin taldeko bateria-jotzaileak.
Liburu eta diskoez gain, baina, Badiharduguren erakusmahaian ibarreko euskara eta herri askotariko aditz taulak egon dira salgai. Atzo goizean, erakusmahaian Juan Martin Elexpuru idazle bergararra izan genuen, Bergarako aditz taularekin.
Bada, aurtengo azokak eman du berea. Datorren urtean berriro ere zabalduko ditu ateak beste hamaika nobedaderekin.