Oñatiko odol emaileek Zilarrezko Odol Tanta saria jaso berri dute, 1.000 biztanleko 50 odol ateralditik gora lortzearren. Mari Karmen Maiztegi dugu Oñatiko odol emaileen delegatua azken 28 urtetan. Haren hitzetan, "pozik gaude Oñatin jasotzen dugun erantzunarekin baina badakizu, donazio kontuetan sekula ez da nahikoa. Gainera, azkenaldian, emaileak ez dira etortzen lehen bezala eta beti ere ondo dator jendeari odol premiaz ohartzea". Urtean zehar hamar odol ateraldi egiten dituzte Oñatin. Hurrengo hitzordua ekainaren 6an izango dute, Txantxiku Ikastolan, 18:00etatik 20:00etara Gaur egun, 700 odol emaile inguru dira Oñatin.
Arrasaten 1978tik egiten dituzte odol ateraldiak. Unitate mugikorrak etortzen dira anbulatoriora eta hainbat lantegitara. Isabel Viloriak azpimarratzen duen moduan, "data hauetan odol gehiago behar izaten da, ospitaletan-eta behar handiagoa izaten dutelako. Orokorrean, Euskal Autonomi Erkidegoak solidaritate handia erakutsi izan du eta emaile kopurua handitzeko itxaropena daukagu. Istripuren bat izan dutenei edo gaixo daudenei laguntza emateko erabakigarria gerta daiteke".
Nagusiak, finenak
Fernando Idigorasen arabera, Bergaran 45-55 urte bitartekoak dira emaile finenak. Gazteen inplikazio handiagoa botatzen du faltan. Eguaztenean, 29 lagunek eman zuten odola Bergaran, batez beste 55 lagun joaten direlarik: hilaren 28an da hurrengo hitzordua Seminarioan. Bergaran 870 lagun inguru dira odola sarri ematen dutenak.