Erlijio islamdarrak agintzen duen moduan hilabete horrek iraun bitartean ez dute egunean zehar ezer jaten. Hori bai eguzkia irten aurretik eta jartzen denean nahi beste jan dezakete.
Mohammad Afzal Chohan: "Eguzkia irten baino ordu bat lehenago, gosari gogor bat egiten dugu, bazkari bat baino handiagoa, egun osoan ezin duzulako jan. Hortaz, ahalik eta gehien jaten dugu".
Hala ere, Ramadana ez da bakarrik egunez ez jatea. Musulmanak saiatzen dira egun horietan pertsona onagoak izaten, eta urteko beste egunetan errezatzen badute ere, egun horietan errezatzeari garrantzia handiagoa ematen diote: "Jendea errespetuz hartu behar duzu, eta pertsona onagoa izaten saiatu behar zara. Zuk jaten ez duzunean helburua da konturatzea jaten ez dutenak zelan dauden jakitea, horiek bizi dutena baloratzeko".
Argi dago ez dela berdina Ramadana herrialde arabiar baten ospatzea edo bestelako herrialde baten berau bizitzea. Askotan zailagoa da hemen, gure artean, halako ohiturei eustea. Hala ere, tradizioari eusten saiatzen dira: "Gure komunitateko batzuk, beste batzuendako lan egiten dutenak, betiko ordutegi eta lan kopurua egin behar izaten dute. Kasu batzuetan oso gogorra da. Ni, ordea, autonomoa naiz, eta ni neu antolatzen naiz".
Hala ere, musulman guzti-guztiek ez dute Ramadana ospatzen. Badira salbuespen batzuk: esaterako, 12 urte bete ez dituzten ume eta gaztetxoek, haurdun dauden emakumeek edota gaixoek ez dute Ramadana egiten. Hala ere, gaixo egon direnek aukera dute beste sasoi baten Ramadana egiteko:
Ohitura da sasoi horretan meskitatan batu eta elkarrekin afaldu eta errezatzea, baina momentuz ez dute halakorik Debagoienean. Horregatik, orain arte gehienek etxean jan eta errezatu egiten zuten, baina orain dela gutxi lokal bat alokatu dute Bergaran: "Hilabete honetan Bergaran lokal bat alokatu dugu eta gauero bertan
errezatzen dugu. Oraindik guztiek ez dakite, baina Bergarako eta
Arrasateko musulman asko etortzen dira".
Bestalde, ibarrean bizi den komunitate musulmana gero eta handiagoa da, eta poliki-poliki ahaleginetan dabiltza hobetu antolatu eta etorri berriei laguntza eskaintzeko, baita ume eta gaztetxoei euskararen gaineko oinarriak irakatsi eta beste umeekin hobeto integratzen laguntzeko: "Gure komunitateko kide gehienok Islameko kultura elkarte bat eratu gura dugu, gure hizkuntza, “urdu”-a, eta kultura ikasi ahal izateko. Horretan gabiltza, baina oraindik ez daukagu baliabide nahikorik".