Ibarreko lurren eta airearen kutsatzaile nagusiak zirkulazioa eta industria dira

IratiA. 2008ko otsailaren 29a

Kutsadura hiru mailatan banatuko bagenu, Debagoiena bigarrenean legoke Esther Larrañaga Ingurumen sailburuaren esanetan, Kasu batzuetan, baita okerrago ere. Neurketak Arrasateko Laubide plazan airearen kalitatea neurtzeko aparailu finkoa dago; Aretxabaletan mugikorra ipini zuten maiatzean. Lurra Ibarrean potentzialki kutsatutako lurren kopurua handia bada ere, denak ez daude kutsatuta eta lanak hasi aurretik aztertzen dituzte.


Epeleko araztegira egin du bisita asteon Esther Larrañaga Ingurumen sailburuak. Uraren kutsadurari aurre egiteko neurri ona dira araztegiak, eta sailburuak ibarreko kutsadura ere izan zuen hizketarako gai Epelen. Debagoiena industriagunea dela kontuan hartuta, aire kutsadurari dagokionez zein mailatan dagoen galdetuta hau esan zuen: "Arrasate inguruan badaude parametro batzuk kezkagarriak direnak, gehienak dira partikulei dagozkienak. Partikulen iturriak dira ibilgailuen zirkulazioa, obrak eta hainbat enpresa. Kasu honetan, zirkulazioa oso garrantzitsua da. Hortaz, kalitatea hiru mailatan banatuko bagenu, bigarrenean legoke, eta zenbait parametrotan, okerrago ere bai".

Neurgailua laubide plazan

Airearen kalitatea neurtzen duen aparailu finko bat dauka Arrasateko Laubide plazan Eusko Jaurlaritzak. Neurgailuak egunero jasotzen ditu datuak: partikulei, karbono monoxidoari, nitrogeno dioxidoari, ozonoari eta sufre dioxidoari dagozkionak, besteak beste. Parametro horiei erreparatuta nahi da ahal den neurrian airearen kalitatea hobetzea eta herritarrei eta Europako Komisioari datuen berri ematea; betiere, aireko substantzia kutsagarriek eragin ditzaketen ondorioei aurre egiteko.
Rafa Ugarte Arrasateko Udaleko Ingurumen teknikariak esan digunez, "parametro batek onargarritasun maila gaindituz gero, Espainiako Estatua behartuta dago diagnosia eta ekintza plana egitera. Arrasaten 2004-2005ean egin zen diagnosia eta bertan azaltzen zen Arrasateko kasuan maila gainditzen zela hautsaren eraginez, eta hauts horren eragile zirela inguruko enpresak, inguruko harrobiak eta zirkulazioa. Bidali ziguten egoera horri aurre egiteko ekintza plan bat. Bertan, oinarrizko gauzak baino ez dira agertzen. Esaterako, hautsa bada kutsaduraren eragile, obrak egiten dituztenean kontrolatu beharko da ea sortzen den hautsa eta lokatza garbitzen den; zirkulazioa ere bada kutsaduraren eragile, eta hura gutxitzea da irtenbidea. Hori esatea erraza da, egitea da zaila".

Azterketa puntuala Markolen

Arrasateko neurgailua finkoa bada ere, egin da airearen kutsaduraren gaineko beste azterketarik ibarrean. Aretxabaletan, hain zuzen ere, Markoleko bizilagunek auzoan, atmosferan, elementu kutsatzaileak izan zitezkeenak sumatzen zituztelako, kezka azaldu zuten. Horren harira, Aretxabaletako airearen kalitateari buruzko azterketa egin du Euskal Herriko Unibertsitateko talde batek. Helburua izan da guneko ezaugarri atmosferikoak zehaztea eta ebaluatzea. 
Ikerketa egin duen taldearen arabera, "hiriguneetako airearen kalitatea erabat lotuta dago bertako jarduerekin. Hiri ingurunean dauden kutsatzaile atmosferiko garrantzitsuenen fokuak zirkulazioa eta etxeetako igorpenak dira, nahiz eta ingurune zehatz batzuetan industria jarduerek era berezi eta garrantzitsuan eragin dezaketen arnasten dugun airearen kalitatean".
Kutsatzaile atmosferiko batzuk osasunarendako oso kaltegarriak izan daitezkeela diote adituek eta airean horien presentzia kontrolatzeko Europar Batasunak kutsatzaile batzuendako mugak ipini ditu. Esaterako, aireko PM10 partikulendako.
Ibarreko gainontzeko herrietako udaletara jo dugu gai horren gainean azterketarik egin duten galdetzeko eta esan digute ez dutela airearen kalitatea neurtzeko aparteko ikerketarik egin. Horren eskumena Eusko Jaurlaritzarena dela azpimarratu digute batzuetan.

Lur kutsatuen plana

Airearen kutsadura zantzuak ez ezik, lurrarenak ere sumatzen dira gurean. Industria lurrak izandakoetan aurkitzen da kutsadura. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak Kutsatutako Lurren Plana aurkeztu du. Helburua da industria lur horietako kutsadura arintzea gune horietan beste ezer eraiki aurretik.
Plangintza horretako datuen arabera, gure ibarrean badira potentzialki kutsatutako lurrak: Antzuolan 44; Aretxabaletan 57; Arrasaten 116; Bergaran 184; Elgetan 45; Eskoriatzan 53; Leintz Gatzagan bi; eta Oñatin 96.
Rafa Ugartek argitu digu kutsatuta egon daitezkeenak direla, baina ez dutela zertan egon: "Hartzen dituzte lehengai toxikoak izan daitezkeenak, olioak, esaterako, eta haiek sor ditzaketen eraginak. Enpresa horiek agertuko dira lurra kutsatzeko enpresa potentzial modura. Horrek ez du esan nahi enpresa hori egon den lurra kutsatuta dagoenik, eta balego ere, ez du zertan bere osotasunean kutsatuta egon. Esaterako, esaten da Arrasatek ehuneko zehatz bat kutsatua duela. Baina datu horiek adierazten dute zenbat enpresa dauden eta herriari dagokionez zenbat azalera hartzen duten industria lurrek. Horrek ez du esan nahi denak kutsatuta daudenik. Adibidez, Zerrajerako eremuaz dihardugunean, azalera guztia markatzen da eta hor daude aparkalekuak, esaterako, kutsatuak egon daitezkeenak edo ez. Gainera, goiko geruza kenduta nahikoa izaten da, normalean, lurrak saneatzeko".
Ibarreko gainontzeko herrietan ere neurri berdintsuak hartzen dituzte. Aretxabaletako Ingurumen koordinatzaile Anabel Diezek esan digunez, "lehen fabrikaren bat zegoen tokian eraikin berriren bat egin behar bada, lurra aztertzen da ikusteko kutsadura zein mailatakoa den, zenbat urtetan egon den industria, zein motatakoa den, eta, kutsadura egonez gero, garbitu egiten da". Antzuolako alkate  Pedro Iturbek esan digu Antzuolan ere proiektu zehatzen aurrean egiten dela lurren azterketa.

Kutsadura Eskoriatzan

Eskoriatzan, Santa Marinan, etxebizitzak eraiki behar diren eremuko lurretan kutsadura zantzuak aurkitu zituzten. Kutsadura maila txikia zela jakin ostean, erretiratu egin zituzten. Hiru puntutan aurkitu zituzten lur kutsatuak: Santa Ana auzoko aparkalekuaren albo batean; orubearen erdialdean eta Isasmendin.
Eusko Jaurlaritzako Orubide taldea lurrak aztertzeko kudeaketa lanak egiteaz arduratu zen. Cespa Conten eta Terranova enpresak, aldiz, azterketa egin ahal izateko laginak ateratzeaz.
Arrasaten ere, Zerrajeran, babes ofizialeko etxebizitzak eraiki behar dituzten lur saila kutsatuta dagoenez, hondeaketa lan bereziak egin dituzte.
Airea eta lurra kutsatzeko arrazoirik nagusienak trafikoa eta industria dira gure ibarrean, adituen arabera. Arazoari  aurre egiteko zein neurri hartu behar diren jakinekoak dira, baina neurri horiek ez errespetatzeak sortzen ditu herritarren kezkak. Denon eskura dago kutsaduraren aurka jardutea, bai herritarren eta baita erakundeen esku ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak