Azken egunotan hasi da eguzkia inguruak berotzen. Udaberri euritsuaren ondoren, badirudi eguraldiak onera egin duela eta uda sasoi beroa izango dugula.
Uda sasoia heltzearekin batera, gure herrietako igerilekuak udararako gertatzen dituzte. Bada, azken asteotan hasi dira inguruak txukundu eta igerilekuak urez betetzen. Izan ere, datorren astetik aurrera kanpoko igerilekuak zabalik egongo dira ibarrean.
Bergaran, asteon
Debagoienean Bergarako igerilekua izango da lehenengo irekiko dutena. Hain zuzen, datorren egubakoitzean, hilak 11, zabalduko dute kanpoko igerilekua.
Esan daiteke Bergarako igerilekuak direla Debagoieneko izarrak. Iaz estreinatu zituzten kanpokoak eta, batez ere, jolaserako balio dute."Iaz erabiltzaileak gustura geratu ziren igerileku berriarekin, eta gu ere gustura geratu ginen erabiltzaile kopuruarekin", azaldu du Joseba Albisu Agorrosingo arduradunak.
Behin Bergarakoak zabalduta, Arrasatekoak eta Eskoriatzakoak zabalduko dituzte ondoren. Arrasaten ekainaren 14an zabalduko dute Musakolako kanpoko igerilekua. Eskoriatzan, ostera, lan batzuk egiteke dituzte oraindik eta horien arabera ekainaren 12an edo ekainaren 19an zabalduko dute.
Esan behar da Oñatiko berdegunea orain dela bi aste ireki zutela, eguraldi onarekin batera. Oñatin ez dago kanpoko igerilekurik; hala, barruko igerilekuaren eta berdegunearen arteko pasabidea da zabaldu dutena. Berdegunea solarium moduan erabiltzen da Oñatin.
Beste igerilekuak
Debagoienean sei igerileku izango ditugu; gehienak udaletako kirol zerbitzuetakoak, baina bestelakorik ere badago.
Adibidez, Arrasaten, Udala auzoko Uxarte jatetxeak igerileku zerbitzua eskaintzen du. Oraindik zehaztu barik dute noiz zabalduko duten, baina arduradunek uste dute ekainaren 13 inguruan zabalduko dutela. Igerilekuaz gain, jatetxe zerbitzua ere eskaintzen du Uxartek.
Txartel mankomunatua
Udal kirol azpiegiturak erabiltzea erabakitzen dutenak bazkide txartelarekin zein txartel mankomunatuarekin sar daitezke, eta txartel mankomunatuak sarbidea emango die edozein herritako igerilekura.
Bazkide ez direnek, bestetik, egunean eguneko sarrera edo hainbat egunetarako abonua erosteko aukera izango dute.
Zerbitzuak
Arrasateko Musakolako kanpoko igerilekua zabaltzen dutenean, barrukoa itxi egiten dute. Aurten eskainiko dituzten zerbitzuak ohikoak izango dira: kantina, sorosle zerbitzua eta zaurien arreta.
Bergaran, iaz baino ordubete geroago zabalduko dituzte kanpoko igerilekuak; hain zuzen, 11:00etatik 20:00etara egongo dira zabalik.
Agorrosinen eskainiko dute, oraindik egitaraua lotu barik duten arren, astean bi egunetan bi orduz dinamizatzaile baten zerbitzua. Gainera, abuztuan, ur-jolasak eta jolas libreak egiteko begiralea jarriko dute. "Iaz jarri genuen zerbitzua, baina ez zuen arrakastarik lortu", azaldu du Albisuk. Gainera, berdegunea eta taberna izango dituzte aukeran igerilekura doazenek.
Agorrosinen berdegunearekin arazoak izan zituzten iaz. Hain zuzen, berdegunearen alde bat ur putzuz bete zen; eta, beste aldean, ostera, belarra ihartu egin zen. "Ureztatze guztiak aztertu ditugu eta belar berria jarri dugu", azaldu du Albisuk. Hala, maiatzean izan ditugun euriekin arazorik ez dutela izan eta udarara begira arazorik ez dela egongo azaldu du.
Berrikuntza bat izango du Agorrosingo igerilekuak: "Txirristaren goialdean semaforo bat jarri dugu txandak errespeta daitezen. Iaz sorosleak ematen zuen jaisteko agindua, eta, egia esan, erabiltzaileek kasu egiten zioten", dio Albisuk.
Agorrosingo tabernatik igerilekura sartzeko bidea dago; hortaz, gerta liteke jendeak sarrera ordaindu barik tabernatik igerilekura sartzea. Arazo horri irtenbidea bilatzen dihardutela adierazi digute Agorrosingo arduradunek.
Sorosleak Usakon
Azken urteetan bezala, Usakon sorosle zerbitzua egongo da. Zubikoa kiroldegiko arduradun Oscar Carrascalek adierazi du oraindik zehaztu barik dutela noiz hasiko den lanean soroslea.
Dagoeneko hasi da urtegiko denboraldia
Debagoieneko lagun askok Arabako urtegietarako bidea hartzen dute udan: Landa, Garaio edo Uribarri Ganboarako bidea. Bada, Araban joan den zapatuan, ekainak 5, hasi zuten uda denboraldia. Iraileko lehenengo aste bukaerara arte iraungo du denboraldiak.
Aurten hainbat berrikuntza egin dituzte Uribarri Ganboako urtegian: begiratoki bat jarri dute, Garaioko sarrera egokitu dute; eta; gainera, ekaineko bigarren hamabostaldirako bide berdea martxan jartzea espero dute. Garaion, astegunetan, lau sorosle egongo dira lanean, eta aste bukaeran sei; Landan bi sorosle egongo dira astegunetan, eta hiru aste bukaeran; eta Uribarri Ganboan bi sorosle egongo dira urtegiko segurtasuna bermatzeko.
