Ibarreko eskola publikoko irakasle batzuk greba egin dute

Maider Arregi 2007ko mai. 15a, 13:41

Arrasaten eta Elgetako eskola publikoetako irakasleek, ordea, ez dute grebarik egin. Lanuztea deitu duten sindikatuek, lan baldintzak hobetzea, 55 urtetik gorako langileen lan-egunak murriztea edota ordezkapen beharrizanei aurre egiteko neurriak bilatzea eskatzen dute, besteak beste. EILAS, LAB, ELA eta UGTk deituta ari dira egiten lanuztea. Hona hemen herri bakoitzeko eskola publikoen egoera:


Antzuola: Antzuolako Herri Ikastetxeko irakasleek greba egin dute.
Bergara: Ipintzako irakasleek greba egin dute. Baita Angiozarko haur eskolakoek ere. Haurrak haurtzaindegian daude. Miguel Altuna institutuko 34 irakaslek ere egin dute greba.
Eskoriatza: Luis Ezeiza Herri Eskolako irakasleek greba egin dute.
Gatzaga:  Luis Ezeiza Herri Eskolako irakasleek greba egin dute.
Aretxabaleta: Kurtzebarri eskolako irakasleek greba egin dute.
Elgeta: Ez dute greba egin eta normaltasunez ari dira lanean irakasleak.
Arrasate: Erguin, Musakola eta Bedoñako eskoletako irakasleek ez dute greba egin. Ezta institutuak ere.
Oñati: konfirmazioaren zain gaude.
Aramaio: bihar erabakiko dute greba egin ala ez.

Eskakizunak

Sindikatuek irakaskuntza publiko ez unibertsitarioaren sektorearen "alde" eta Eusko Jaurlaritzaren jarreraren "aurka" deitu dute greba.
Beste gauza batzuen artean, lan baldintzak hobetzea, 55 urtetik gorako langileen lan-egunak murriztea eta ordezkapen beharrizanei aurre egiteko neurriak bilatzea eskatzen dute.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza ez unibertsitarioko mahai sektoriala berriro bildu zen atzo blokeo egoera iraultzeko asmoarekin; baina, beste behin, gehiengo sindikala eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saila ez ziren akordiora iritsi. Egoera horren aurrean, EILAS, LAB, ELA eta UGT sindikatuek osatzen duten gehiengo sindikalak aurreko egunetan egindako greba deialdiei eutsi zieten.

Joan den ostiralean ia 13 ordutako bilera luzea egin zuten Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta mahai sektorialeko sindikatuek. Bilera luzea izan arren, azkenean akordiorik gabe amaitu zen. Asteburua hausnarketarako hartu ostean, atzo eguerdian ostiraleko bilerari jarraipena emateko asmoarekin bildu ziren.

CCOO eta Jaurlaritzaren akordioa
Atzo, maiatzak 14,  Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta CCOOek akordio baterako abiapuntua izan daitekeenaren akta sinatu zuten. Hilabete barru edo, aurreikusten dute akordioa sinatzea. Gainerako sindikatuek hitz gogorrak izan zituzten CCOOren aurka. Jon Moñuxen arabera, ez ditu eurek zehaztutako gutxienekoak ere jasotzen. "Euskal Herriko sindikalgintzan mugarria jarri du honek. Greba zapuztu nahi dute".

Tontxu Camposek esandakoa
Bestalde, Tontxu Campos Hezkuntza sailburuak esan zuen CCOOrekin lortutako akordioa gainerako sindikatuek ere sinatzea gustuko izango lukeela. Hala ere, gogorarazi zuen iragan asteazkeneko bilera "oso positiboa" izan zela eta, horri esker, ostiralean hainbat ordu negoziatzen aritu zirela. "Bertan, hainbat gai jorratu genituen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak