Ibarreko enpresek dituzten erronkak aztertu dituzte Olano ahaldun nagusiarekin

Goiena 2010ko uzt. 5a, 17:10
Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia Oñatin izan da gaur, MIKeko egoitzan. Mondragon taldean kudeaketaren inguruko ikerketan diharduen erakundearen zeregina eta proiektuak gertutik ezagutzen izan da, eta mahai-ingurua egin dute gero Mondragon Unibertsitateko ordezkariekin eta Oñatiko alkate Lourdes Idoiagarekin batera. Krisi garaian Debagoiena ze egoeratan dagoen eta bertako enpresek dituzten erronkak aztertu dituzte.

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Aitor Urtzelai MIKeko zuzendaria, Josu Zabala MUko errektorea, Lander Beloki Enpresagintza fakultateko dekanoa, Lourdes Idoiaga Oñatiko alkatea eta hainbat ikertzaile izan dira, besteak beste, Oñatiko bileran.

Olanoren arabera Debagoiena Europako bailara aurreratuenetakoa da ikerketa, garapen eta berrikuntza arloetan. Baina sarri berrikuntza teknologiarekin bakarrik lotzen dugula-eta, garrantzitsu jo du diputatu nagusiak kontzeptu horiek kudeaketa arlora eramateko MIK egiten ari den lana.

Aitor Urtzelai zuzendariaren arabera, MIKen eta MUren arteko bateratze prozesu garaian, Diputazioa oso interesatuta omen dago proiektu berrian, eta etengabekoa ei da elkarren arteko harremana. Hor kokatzen da gaurko bilera ere. Debagoieneko enpresek egungo krisi egoera gainditzeko bideen inguruan nazioartekotzearen beharrean bat datoz Urtzelai eta Olano.

Urtzelairen arabera kooperatibismoaren ezaugarriek lagundu dute egungo krisi egoera hobeto eramaten; Olanok adierazi du, berriz, nazioartekotzera eta eskariaren jaitsierara egokitzen lan handia egin dutela azkenaldian hemengo enpresek, eta oraindik egoera zaila izan arren posizio hobean jartzen ari direla.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak