Ibarreko bost herrik eta Kontseiluak lankidetza hitzarmena sinatu dute

Txomin Madina Milikua 2009ko irailaren 29a

Hitzarmen honen helburua da udaletan hizkuntza politika egokiak gauzatzea. Antzuola, Bergara, Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatza dira, hain zuzen ere, lankidetza hitzarmen hau sinatu dutenak.

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren lan ildoetako bat udalen hizkuntza politikan eragitea da, eta helburu horretan, aurrerapauso bat da hainbat herritako udalekin sinatutako lankidetza hitzarmena. 20 herri inguruk sinatu dute lankidetza hitzarmen hori, tartean, Debagoieneko bostek: Antzuolak, Bergarak, Arrasatek, Aretxabaletak eta Eskoriatzak hain zuzen ere.

Udaletako euskara politika hobetzea du helburu hitzarmen horrek. Berau lortzeko, azken urteetan hizkuntza politikaren egokitasuna aztertzeko egindako neurketak hartuko dira oinarri. 2006 eta 2008 bitartean, 100 herritan egin dira neurketak, eta berauetan, udalaren barne zein kanpo funtzionamenduan euskararen erabilera aztertu dute. Orain, lankidetza hitzarmen berri honekin, sinatu duten udalek hizkuntza politikan izan ditzaketen gabeziei konponbidea jartzeko konpromisoa hartzen dute.

2011n berriz ere egingo du neurketa Kontseiluak, eta egondako eboluzioa aztertuko dute. Kontseilutik adierazi digutenez, asmoa da neurketok lau urtetik behin egitea, udaletako ziklo politiko bakoitzaren amaieran hain zuzen ere.

UEMArekin ere, hitzarmena

Ekainean, hitzarmen bera sinatu zuten UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak) eta Kontseiluak. Hori dela UEMAko kideek, tartean, Aramaio, Elgeta, Antzuola eta Bergarak dagoeneko konpromisoa hartua zeukaten. Bergarak eta Antzuolak baina, herri moduan ere eman gura izan diote babesa ekimenari.

Kontseilutik jakinarazi digutenez, Elgetarekin ere nahikoa aurreratuta daude hartu emanak herri moduan hitzarmena sinatzeko. Gaineratu dutenez, Oñatira ere luzatu dute proposamena, baina oraindik ez dute erantzunik jaso.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak