Ibarreko bi udal hasiak dira hileta zibilak arautzeko pausoekin

Jon Berezibar 2009ko martxoaren 20a

Eskaria Inguruko hileta zerbitzuetakoek diote apenas dagoela eskaririk hileta zibilak egiteko; hortaz, eurek ez dutela horrelako eskaintzarik egiten. Ehorztetxeek eskaintzen dute hileta zerbitzua, baina hileta zibilak ez dituzte egiten. Badira, ordea, udalak ibarrean gai hori aztertu dutenak, hainbat herritarren artean nolabaiteko kezka dagoela sumatuta. Debagoieneko herririk gehienetan, ordea, ez da eskaerarik izan eta ez diote gaiari eutsi, nahiz eta jakin badakiten lurperatu direla hildakoak elizatik pasa gabe edo elizkizunik egin gabe euren errautsak haizatu dituztela. Arrasaten eta Bergaran hasi dira dageneko gaia aztertzen.

Hil eta gero, dena soberan, dio esaera zaharrak, baina hil osteko ekitaldiak badirudi ez daudela soberan. Izan daitezke ekitaldi erlijiosoak, hileta elizkizunak, alegia, edo bestelako ekitaldiak, hileta zibilak edo errautsak haizatzea, edo biak batera, esaterako.
Askok ez du pentsatu seguru aski beretzako nolako hileta nahi duen; beste batzuek, ordea, ingurukoei aurrez jakinarazten diete hildakoan hileta elizan nahi duten edo erraustea eta errautsak itsasoan zein mendian haizatzea nahi duten inolako abaderen berba barik…
Hileta erlijiosoetan Jainkoa eta betiereko bizitza dira oinarri; hileta zibiletan, ordea, hildakoa bera da protagonista eta hari buruz egiten da berba, besteak beste musika, argazkiak edo poesia lagun direla. Gurean ez dago joera handirik hileta zibiletarako, pixkanaka bide hori hartzen duenik baden arren.

Hileta zerbitzuek eskari gutxi

Heriotza eta hiletak berba tabuak ohi dira gehienendako, penaren eta minaren iturri diren heinean, baina, gizartea gero eta laikoagoa izanik, hileta zibiletarako joera handituz doan neurrian, horren gainean berba egin dugu ibarreko hainbat lagunekin.
Arrasateko San Felipe Apostol Elkarlaguntzako elkarteko Alberto Ojangurenek esan digu eurenean oraingoz ez dutela hileta zibilerako eskaririk izan; hala balitz, bideratuko luketela. "Behin Eibarren izan nintzen hileta zibil batean, eta han kanposantuko atean egin zuten irakurketaren bat, baina gurean ez zaigu tokatu. Hileta zibiletan lagunak edo senideak elkartu, idatzi bat irakurri eta elizatik pasa gabe egiten da hil ondorengo ekitalditxoa. Gainontzean, paper guztiak, epaitegikoak-eta berdin-berdin egin behar dira pertsona bat hiltzen denean, hileta zibila izan ala erlijiosoa izan", esan digu.
Euskalduna hileta zerbitzuko Joana Muñozek ezagutu ditu  kasuren batzuk, non familiak ez baitiren sinestunak eta ohikoak ez diren agurrak egin baitituzten. "Elizak jarraitzen dituen hainbat ohiturarekin ez datoz bat eta ez dituzte egiten. Esaterako, gurutzerik ez dute ipintzen eta hildakoa ez da elizara eramaten, ezta haren errautsak ere. Batzuetan, apaiza beilatokira etorri eta errespontsu bat egiten du, eta gero zuzenean lurperatzera edo erraustera eramaten da elizatik pasa gabe. Izan ere, hildakoaren familian edo lagun artean egon daitezke sinestunak ere. Ehorztetxean bertan hileta zibiletarako jarraibide zehatzik ez dago, familia bakoitzak erabakitzen du nola egin nahi dion hildakoari azken agurra", azaldu digu.

Hilerri kanpoan omenaldiak

Hileta zerbitzuek, hortaz, eskarien arabera egiten dute hileta, baina eurek ez dute eskaintzen hileta zibilak egiteko oinarririk. Ehorztetxeetan bertatik bertara ezagutzen dituzte kasuak, baita hilerrietan ere.

Arrasateko hilerriko langilea da Itziar Zubiaga, eta han diharduen hamaika urteetan hileta zibil gutxi tokatu zaizkio: "Familiakoek edo lagunek jakinda hemen horrelakorik egiteko biderik aurrez zehaztuta ez dagoela, euren kabuz pentsatzen dute zer egin: hilkutxaren aurrean aurreskua dantzatu, bertso batzuk abestu… ekitaldi txikia izan ohi da, besterik gabe hildakoa hilerrian ez uztearren. Nahiko ekitaldi xumeak eta etxekoen edo lagunen artekoak izan dira orain artekoak, ez protokolo bat jarraituz egindakoak".

Haren esanetan, eskaera handirik ez dago: "Gainera, ohitura zaharra izanik, elizan sinesmen handirik ez izan arren askok eta askok jarraitzen dute hileta elizkizuna egiten. Bestalde, orain gero eta gorpu gehiago errausten dira, eta joera dago errautsak haizatzeko toki berezi edo politen batean, eta hori egiten denean omenaldi edo ekitaldia egiteko". 

Arrasate eta Bergaran hasiak

Ehorztetxeek eskaintzen dute hileta zerbitzua, baina hileta zibilak ez dituzte egiten. Badira, ordea, udalak ibarrean gai hori aztertu dutenak, hainbat herritarren artean nolabaiteko kezka dagoela sumatuta. Debagoieneko herririk gehienetan, ordea, ez da eskaerarik izan eta ez diote gaiari eutsi, nahiz eta jakin badakiten lurperatu direla hildakoak elizatik pasa gabe edo elizkizunik egin gabe euren errautsak haizatu dituztela.

Bergarako Udalean badihardute gaia aztertzen, baina oraingoz ez dute ezer zehaztu, Enara Mingez zinegotziak esan digunez: "Asmoa da leku bat izatea hileta zibiletarako eta behin lekua aurkituz gero, protokolo bat gertatzea. Inoiz egin da omenaldi modukoren bat, baina ez protokolo zehatzei jarraituz, eta eskaera formalik ere ez dut uste jaso denik. Arau edo jarraibide batzuk zehaztuz gero edo toki bat egokitzen bada, eskaerak areagotu egin daitezkeela iruditzen zait".
Arrasateko Udalean Obra, Zerbitzu, Mantentze eta Auzoetako batzordeko teknikari Moises Altunak esan digu Udala lantzen ibili dela gai hori, baina orain momentuan kontua geldi dagoela. "Hainbat arazo ikusi genituen kokapenari dagokionez. Ez da erraza horrelako ekitaldi baterako kokapen bat aurkitzea hilerritik kanpo. Gu saiatu ginen tokiren  baten bila udal eraikinen baten, edo herriko guneren batean, baina denetan zegoen trabaren bat. Ezin da herriko azken bazterrean egin, baina herriko erdigunera ekarrita ere, ez lioke oztoporik eragin behar beste jardueraren bati; hortaz, zaila da plaza batean, parkeren batean… egitea", azaldu digu Altunak.
Arrasaten egin izan diren hileta zibilak hilerrian bertan egin direla gaineratu digu: "Udalak ez dauka protokolorik zehaztuta; hortaz, familiak edo lagunek erabakitzen dute nolako ekitaldia egin. San Kristobal sortu zenean Udalak egin zuen saiakera hileta zibiletarako protokoloren bat egiteko, baina gaiak ez zuen aurrera egin eta gero, azken aldiz berriz eutsi diogu gaiari Aralarrek idatziz egindako eskari baten harira". Aralarrek zerbitzu publiko legez ulertzen du hileta zibila eta euren proposamenak eskaria egiten dutenei erantzuna emango liekeela diote alderditik.
Ezker Batua-Zutik taldeak ere egin du eskaririk hileta zibilak arautzeko, eta San Kristobal proposatu zuen kokaleku moduan, baina urruti egotea izan zen oztopoetariko bat.
Heriotza edozeinendako da une tristea eta gogorra, eta hortik aurrera zer dagoen inork ez dakien arren, hil eta geroko lehen uneak nola edo hala pasa beharrekoak dira. Elizan, hilerrian, beilatokian, mendian edo itsas ertzean, bakoitzak aukeratzen duen lekuan edo gertukoek egokien ikusten duten tokian. Agurtzeko modua ere bakoitzaren edo bere inguruaren araberakoa. Baina argi dagoena da gaur egun Debagoienean ez dagoela oraindik inolako araudirik hileta zibilak egiteko.

 

Hileta zibiletarako tokiren bat egokitzea eskatu dute

Joxe Mari Muxika arrasatearrak hainbat lagun agurtu ditu elizatik kanpo egindako hileta ekitaldietan, eta badu kezkarik hileta zibilen gainean. Bere esanetan, "Debagoienean ez dago hileta erlijiosoa ez den beste zerbitzurik heriotza bat gertatzen denerako; hortaz, derrigortua dago jendea hileta erlijiosoa egitera".
Heriotza ez dago aurreikusita eta momentua ailegatzen denean arazoa bikoiztu egiten da batzuendako, "ez dagoelako bestelako eskaintzarik. Ez dago horretara dedikatzen den hileta-zerbitzurik edo besteekin batera hileta zibil zerbitzuak eskaintzen dituenik", dio Muxikak.
"Senide bat edo lagun bat hiltzen denean eskaintza da ehorztetxeak eskaintzen duena, saio erlijiosoa bera; horretaz gainera, loreak, kutxa, eskelak… Horrekin batera beste arazo bat da ez dagoela espaziorik. Egin daiteke eta egiten da San Kristobalen, hilerri kanpoan, eta egin liteke Larrinon, Gesalibarren… Baina ez dago espazio bat horretarako gertatua, hileta erlijiosoetarako elizak dauden moduan. Horretarako egokitzapena Udalak egin beharko luke".
Bestalde, ez dago zehaztuta zeinek egin behar duen funtzioa edo ekitaldia bera. "Nik gertuko bi lagun hil direnean prestatu izan dut omenaldi edo hileta ekitaldi hori, baina oinarririk gurean ez dago".
Arazoa sumatu duen arren, arazoaren aurrean eskari formalik ez du egin; udaletxean, esaterako. "Baina falta da eta behar da lokal bat. Espazio itxia izan behar du, aterpea, horrelako ekitaldietarako. Nik parte hartu izan dut San Kristobalen egindako ekitaldietan, baina kanpoan egiten da, hilerriaren aurreko aldean, eta, euria eginez gero, arazo bat gehiago dago. Bestalde, izan behar du toki goxoa, momentua ere horrelakoa delako".
Joxe Mari Muxikak esan digu gertu legokeela berak bezala hileta zibilen gaineko kezka duen jendea egongo balitz herrian bat egiteko eta bidea zabaltzeko: "Elkartuta, ehorztetxeei esan geniezaieke hileta zibilen inguruko zerbitzua eskaintzeko, Udalari eskatu leku bat egokitzeko… Izan ere, hileta erlijioso batean badakigu funtzioa nolakoa den, loreak, eskelak…, baina nik ez dakit zer eskainiko lidakeen hileta zibilerako ehorztetxeak, eta hori arautzea denon artean egin beharreko lana da. Egongo balitz hileta zerbitzuren bat horri heltzeko gertu, ni gertu nengoke laguntzeko eta nik uste dut beste batzuek ere bat egingo luketela asmoarekin".
Hildakoak agurtzeko moduak askotarikoak izan daitezke, oraindik gehienek hileta erlijiosorako joera izan arren. "Nik ez dut esan nahi hileta erlijiosorik ez egiteko, ezta gutxiago ere; baizik eta beste eskaintza bat ipintzeko aukeran. Guk, esaterako, eskema bat gertatzen dugu: lagunen hitzak, kantuak, lore-eskaintza… baina hori behin-behineko moduan egiten da eta protokolo bat esku artean izateak edonori erraztuko liguke hiletaren une gogor hori".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak