Ibarreko bi atxilotuta daude, eta Jose Luis Elkoro, gertatuko denaren zain

Usoa Agirre 2007ko abe. 3a, 12:28
Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, 18/98 sumarioaren barruan, egubakoitzean hasitako polizia operazioak ondorio nabarmenak izan ditu Debagoienean. Makrosumarioan auziperatutako lau debagoiendarretatik bi, Natale Landa eta Xabier Arregi, Soto del Realgo kartzelan daude; Landa egubakoitzean, 15:15ean, atxilotu zuten, Arrasateko bere etxean, eta Arregi, zapatuan, 11:30ean, Osintxun, etxean, hura ere; hirugarrena, Jose Luis Elkoro bergararra, ez dago, oraingoz, atxilotuta, baina gertatuko denaren zain dago, Guardia Zibila Bergarako haren etxera hiru aldiz etorri eta aurkitu barik joan ondoren; laugarrena, Iñigo Elkoro, sumarioan auziperatua egon arren ez zuten epaitu.

Asteleheneko Goienkaria-k lortu zuen Elkororekin berba egitea, eta hauxe esan zuen: "Ezkutatuta ez nago, eta ihes egiteko asmorik ez dut. Prest nago ematen didaten zigorra jasotzeko, osasunak errespetatzen nauen artean. Borroka zilegia da, herri baten askatasunaren aldeko borroka da, eta pentsatzen dut behartuta gaudela borrokari eustera, eta ni asmo horrekin nago. Denok egin behar dugu borroka. Ikusten dugu herriaren aurkako erasoak nolakoak diren, eta gure herria zaindu behar dugu".

Haren seme Iñigo ere  auziperatuta zegoen arren,  gaixotasun larri bat zuela-eta, ez zuten 18/98 auzian epaitu; hala ere, atzo Bilbon egindako kale-agerraldian, Espainiako poliziak atxilotu egin zuen eta halaxe eduki zuten denbora batez; gero, erratuta zeudela konturatzean, aske utzi zuten.

Protesta ekintzak

Debagoieneko gizarteak agudo erantzun die atxiloketei. Hala, atxiloketak gertatu ahala, inguruan batu ziren atxilotuen lagun eta beste herritar batzuk, elkartasuna adierazteko; bai Landak bai Arregik herritarrei "lanean jarraitzeko" esan zieten. Gero, Bergaran eta Arrasaten kale-agerraldi jendetsuak egin zituzten egubakoitzean eta zapatuan; antolatzaileen esanetan, Bergaran, egubakoitz iluntzean, 250 lagun batu ziren, eta zapatu eguerdian, 400. Horrez gain, Bilboko agerraldira ere debagoiendar asko joan ziren, eta abenduaren 13rako lanuztea deitu dute.

Bitartean, atzo, domeka, Soto del Realera, Madrilera, bisita egin zieten senideek atxilotuei. Hala ere, Natale Landaren familiak esan zuenez, hura ondo zegoen. Oraingoz, Soto del Realen daude, baina laster hasiko dira sakabanaketak; Landaren kasuan, Premin Sanpedro senarraren kartzelara, Algecirasera, eraman dezaten eskatuko dute.

Ibarrekoei, ustez, 40 urte

Auzitegi Nazionalak baieztatutako informazio ofizialik ez dago. Estatuko zenbait komunikabidek, ordea, datu batzuk kaleratu dituzte, auzitegiko iturriak aipatuta: hala, badirudi 18/98 makrosumarioko epaia abenduaren 10ean jakinaraziko dutela, eta fiskalak eskatu baino zigor gogorragoak erabaki dituela Auzitegi Nazionalak: komunikabide horien arabera, Elkorori 18 urteko zigorra –12, erakunde armatuko kide izatea egotzita, eta sei, Gizarte Segurantzaren aurkako delituak egotzita– emango diote, eta zigor altuena da hori, Xabier Alegriarenarekin batera; eta Landari eta Arregiri, itxura denez, 11 urteko zigorra ipiniko diete, nahiz eta fiskalak bederatzi eskatu zuen.

Epaitutako 52 lagunetatik 46 atxilotzeko agindua eman zuen Auzitegi Nazionalak. Berri agentziek esanda, denera, 527 urte eta sei hileko kartzela zigorra ipiniko diete 46 atxilotu horiei; 14ri, ETAko buruzagi izatea egotzi diete; 17ri, erakunde armatuko kide izatea; 13ri, ETAri laguntzea; eta biri, delitu ekonomikoak. Datu horiek konfirmatzen badira, Espainiako Barne ministro Alfredo Perez Rubalcabak esandakoa beteko da: hots, zigorrak "handiak" izango zirela.

Epaiketa 2005eko azaroaren 21ean hasi zen, eta joan den martxoan bukatu zen.

Alderdien balorazioak

Alderdi politiko guztiek ere atxiloketen gaineko iritziak eman zituzten, eta gehienek gaitzetsi egin zuten polizia operazioa. Hala, EAJko Joseba Egibarrek, GOITBri egindako adierazpenetan, "Estatuaren estrategia" horri "modu tinko eta demokratikoan erantzun" behar zitzaiola esan zuen; Oihana Aranburu EAEko Arrasateko alkateordeak salatu zuen operazioak "argi utzi zuela herri honetan demokrazia eza dagoela", baina "lanean jarraituko" zutela; Aralarko Oxel Erostarberen esanetan, "epaiketaren helburua ideien aurka egitea" da, eta atxilotuak aske utz ditzatela eskatu zuen; Ezker Batua-Berdeak taldeko Ander Rodriguezen hitzetan, "18/98 epaiketa politikoa da", eta "eskubideen urraketa dago haren oinarrian"; EAko Pello Urizarren ustetan ere, "prozesua politikoa izan da", eta "Espainiako estatuko hauteskundeen atarian" propio egindakoa, "Espainian, gogortasuna saldu" behar delako. Alderdi Popularreko Itziar Lamarain kideak, bestetik, "epaia errespetatzen" zuela esan zuen, "inork ezin duelako legetik ihes egin". PSEk esan zuen erabaki judizialen gaineko baloraziorik ez duela egingo.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak