Iban Velasco, irteera puntuan egongo den zalantzarekin

Xabier Urtzelai 2008ko api. 4a, 14:29
Igor Anton min hartuta dago eta nekez errekuperatuko da astelehenean Legazpin hasiko duten Euskal Herriko Itzulirako; Iban Velasco da haren ordezkoa

Atzo 10:00etan egin zuten Euskaltel Euskadiko txirrindulariek entrenamendurako hitzordua, Bergaran. Astelehenean Legazpin hasiko duten Euskal Herriko Itzulian esku hartuko duten txirrindulariak izan ziren entrenamendu saio horretan, eta tartean izan zen Iban Velasco arrasatearra. Markel Irizarrek gaur bertan egingo du Flandes aldera bidaia, eta Oñatikoa hango klasikoetan buru-belarri ibiliko da datorren astean.

Hala, oraindik ez dago jakiterik Arrasateko txirrindularia Euskal Herriko Itzulian izango den edo ez; taldeak Igor Anton errekuperatuko den itxaropena du –atzoko entrenamendu saioan ez zuen esku hartu, ez dago erretratuan–. Esan barik doa ez dagoela lesio batetik hala moduz errekuperatzea modukorik, edo gorputzaldi onenean egon barik sei eguneko itzuli gogorrari ekitea ez dela gomendagarriena. Baina, hor dago kirolari ezaguna izatearen aldea, baita txirrindularitzan ere –eta ez abantaila, inork ez duelako lesionatuta korritzea gura izaten–. Hori horrela, Velasco azken unera arte egon beharko da azken erabakiaren zain: "zain nago, ezin dezaket besterik egin", adierazi zuen atzo lansaioa hasi aurretik.

Velascok Euskal Herriko Itzulian egongo diren lasterketarekin batera gainbegiratu zuen egubakoitzean (hilak11) korrituko duten bosgarren etapa (Gasteiz-Orio). Aurreratu moduan, Gasteizen hasiko da etapa hori, baina Gorlaraino ez du mamirik izango. Hain zuzen ere, puntu hori aukeratu zuen atzo Euskaltelek etapa errepasatzen hasteko, Gorlan hasi zuten-eta Oriorako bidea. Hasierako kilometroetan, gainera, hainbat argazkilari eta telebista kamerek bertatik bertara jarraitu zuten talde laranjaren jarduna; ikusmina dagoen seinale.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak