Iaz salmentak %6,7 jaitsi ziren Mondragon Taldearen industria sailean

Txomin Madina Milikua 2009ko mar. 4a, 17:35
Mondragoneko industria saileko %4,9ak bere lanpostua galdu zuen; inbertsioek aldiz, %1,6 egin zuten gora. Mondragon Taldearen industria sailak ezin izan zuen 2008an mundu mailan ekonomiak izandako bilakaera okerra ekidin. Hala, udara arte ibilbidea nahiko ona izan bazen ere, ondoren batez ere merkatu nazionalean izandako eskariaren kontrakzio graduala nabaritu zuten, gehienbat 2008ko ekitaldiaren azken zatian.

Industria arloko salmenten datuei dagokionez, 6283 milioi eurokoak izan ziren salmenta horiek, eta horrek esan gura, 2007arekin alderatuta, %6,7 gutxiago fakturatu zela. Salmenten barruan, nazioarteko salmenten jaitsiera lehunago izan zen. Salmenta guztien %58,2a dira nazioartekoak, 2007an baino 1,3 puntu gehiago.

Lanpostuei dagokienez, emaitzak ere ez dira batere onak. Atzerakada ekonomikoan sartzeak eta industria produkzioan egon den beherakadak eragin zuzena izan du, eta hala, 1993 lanpostu gutxiago zeuden Mondragon Taldean 2008 amaieran. Beherakada ehuneko %4.9koa da, eta iazko ekitaldiaren amaieran, 38.868 langile zeuden Mondragon Taldean.

Inbertsioek %1,6 gora egin zuten iaz,eta denera, 512 milioi eurokoak izan ziren, eta ekimen sustatzaileak azpimarratu behar dira hemen, osasuna eta energia bezalako sektore estrategikoekin lotutako enpresak jarri baitziren martxan.

Nazioarteko esparruan, atzerrian 7 ekoizpen planta jarri ziren  martxan 2008an; 72 dira denera Mondragon Taldeak atzerrian dituen lantegiak.

Parke industriala Indian

Baina ekonomia arloan, ez dira guztiak albiste txarrak Mondragon Taldearentzat, izan ere,  Indiako Pune hirian parke indusrial berri bat eraikiko du.

Hamar bat kooperatibak jardungo dute bertan, eta asmoa da, 2010eko lehenengo hiruhilekorako martxan egotea. Kide eta Danobat kooperatibak izango dira han lan egiten lehenak.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak