Iaz baino gutxiagok hartu du gripearen aurkako txertoa

Leire Kortabarria 2007ko aza. 20a, 09:58
Gripearen aurkako txerto kanpaina joan den egubakoitzean bukatu zen, eta dagoeneko kanpaina zelan joan den datu batzuk eman ditu Osakidetzak. Datu horiek kanpaina bukatu aurreko aste bukaerakoak dira, eta emaitza definitiboak oso antzekoak izango dira, %1 edo %2 gehiago, asko jota, diote Osasun arduradunek.

Hala, Debagoienean, urtetik urtera txertoa jende gutxiagok hartzen duela ondorioztatzen da. Izan ere, aurten, 65 urtetik gorakoen artean, %64,24k zuten txertoa hartuta azaroaren 9rako; kanpaina bukaerako datua %66 inguru ibiliko da, asko jota; iaz, %67ra iritsi zen, eta orain bi urte, %69ra. zen. Gipuzkoa Mendebaldeko Osasun arduradun Arantxa Urruzolak dioenez, "orain hiru urte, hegazti-gripearekin eta, beldur handiagoa zegoen, eta jende asko joan zen txertoa hartzera. Gero, baina, epidemiarik egon ez denez, jendea beldurra galtzen joan da eta gutxiago joan da txertoa hartzera".

Datu onena, Aramaiokoa

Debagoieneko herriz herriko datuei dagokienez, Aramaiok zuen, joan den egubakoitzera arte, txertaketa portzentaje altuena: 65 urtetik gorakoen %80k hartu zuten txertoa. Bigarren datu onena Oñatik zuen: %76,64. Urruzolak dioenez, "Oñatik izaten du beti txertaketa-kopuru altuena; iaz, %80ra iritsi zen".

Gainerako herrietan, bi horiekin alderatuta, kopuruak nabarmen egin du behera. Hala, Bergara, Antzuola eta Elgeta batera hartuta, Osasun sailak hala egiten baitu, 65 urtetik gorakoen %67,84k hartuta zuten txertoa joan den astera bitartean. Aretxabaleta eta Eskoriatzak, biak batera hartuta, %68ko portzentajea zeukaten. Azkenik, Arrasatek zuen datu baxuena, %64 inguru.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak