Ia hamar eguneko itxarote zerrenda, Bergarako IAT gunean

Goiatz Arana Begiristain 2010eko urtarrilaren 13a

Ibilgailuen Azterketa Teknikoa egiten duten Irungo eta Urnietako guneetako langileak greban daude eta horren eragina sumatu dute Bergarakoan.

Irungo eta Urnietako langileek behargin guztien lan baldintzak parekatzea eskatzen diote zuzendaritzari, baina alde biak ez dira adostasunera iritsi, momentuz. Hilabete da lanuzteak hasi zituztela eta egoera horrek 20.000 gidariri eragin die dagoeneko, urrunagoko azterketa lekuetara joan behar izan dutelako, isunen beldurrez.

Bergarakoa da, uneotan, Gipuzkoan zabalik dagoen bakarra

Uneotan, Gipuzkoan, Bergarako IAT gunea bakarrik dago zabalik, hura beste enpresa batek kudeatzen baitu, eta azken hilabetean lanez gainezka dabiltza, ia hamar eguneko itxarote zerrendarekin. Atzo, martitzena, eta gaur, eguaztena, eguerdiko hamabiak baino lehen deitutakoei, esaterako, hilaren 21erako eman diete txanda.

Irungo eta Urnietako langileen protesta da itxarote zerrenda luzatu izanaren arrazoietako bat, baina Bergarako gunetik adierazi digute urte sasoi honetan –Gabonetako oporretatik bueltan–, ohikoa izaten dela lan asko izatea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak