Ia guztia prest dute Eskoriatzan munduko kulturen jai erraldoirako

Edu Mendibil 2009ko mai. 11a, 11:44

Aurreko lau ekitaldietan bezala, natura, kultura eta bidaiak izango dira ardatz nagusiak aurtengo Mundumira jaialdian, maiatzaren 22tik 24ra. Aparkalekuen falta da antolatzaileen kezka nagusietako bat; garraio publikoa indartuko dute jaialdiari begira.

Udaberriarekin eta uda usainarekin batera Mundumira jaialdia dator azken urteotan. Munduko kulturen festaren bosgarren ekitaldia izango da aurtengoa, maiatzaren 22tik 24ra Eskoriatzan ospatuko dena. Arrasate, Oñati, Aretxabaleta eta Bergaratik igaro ondoren, Eskoriatzan geldialdia egingo du Debagoieneko Mankomunitateak eta Euskal Herria aldizkariak bultzatutako jaialdiak. Aurreko lau ekitaldietako izaerari eutsiko dio Mundumirak, Kike Zinkunegi aldizkariko zuzendariaren hitzetan: "paperean erakutsi ohi duguna aste bukaera bat irauten duen festan erakusten jarraituko dugu aurten ere. Festa handi bat da Mundumira, bere osotasunean gauza asko uztartzen dituena, eta jende guztiarentzat aproposa dena".

Gauzak horrela, natura, kultura eta bidaiak izango dira jaialdiaren ardatz nagusiak. Antolatzaileek hamaika proposamen gertatu dituzte maiatzeko laugarren aste bukaerarako: mendi eta bidaia azoka, erakusketak, ikus-entzunezkoak, kale animazioa, ibilbide kulturalak, eskalada txapelketa, umeendako jolasak, munduko jaki ezberdinen dastatzea, foro solidarioak eta beste hainbat.

Hiru tenpluak zapatuan

Aperitibo moduan Hiru Tenpluen ibilbidea egingo da oraingo zapatuan, hilaren 16an, Loiola, Zumarragako Antiguako ermita eta Arantzazu ikusiz, GR-120 bidea jarraituz 45 kilometro eginez. Aloña Mendi Elkarteak antolatu du eta izenematea 943 79 64 63 edo 902 18 14 71 telefonoetan egin daiteke. Plaza mugatuak dira. 9-10 orduko ibilbidea aurreikusi dute antolatzaileek, 06:00etan hasita.

Aparkalekua, arazoa

Aparkalekuen falta da antolatzaileen kezka nagusietako bat. Arantxa Unzueta Eskoriatzako Udaleko kultura teknikariaren hitzetan, "Eskoriatza herri txikia da. Ez dago aparkaleku asko eta gainera, unibertsitateko bi parking eta lehengo tren geltokikoa itxita izango dira, auto-karabanek erabiltzeko; eta unibertsitateko bat zapatuko kontzerturako, hain zuzen. Beraz, etortzen diren auto denak Torrebaso industrialdeko aparkalekuetara eta Copreciko parkingera zuzenduko dituzte, handik jendea oinez edo autobuses etorri. Garraio publikoa bultzatzeko ahalegin berezia egingo dugu. Hainbat autobus zerbitzu indartuko dituzte Mundumira jaialdiari begira eta gure  erronka zera izango da: informazioa ondo zabaltzea etorriko diren guztiei eta jendeak gure gomendioei kasu egitea, noski, inolako arazorik ez izateko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak