Ia 1.000 ikasleri eragingo die jangeletako grebak

Leire Kortabarria 2009ko mai. 27a, 19:16

Debagoienean, 970 bat ikasleri eragingo die eguenean hasiko den ikastetxeetako jangeletako begiraleen hiru eguneko grebaldiak. Lehen lanuztea eguenean, hilak 28, izango da, eta hurrengoak ekainaren 2an eta 4an izango dira.

Grebarekin bat egiteko erabakia hartu zuten Arrasateko, Bergarako, Oñatiko, Eskoriatzako, Antzuolako eta Elgetako ikastetxe publiko gehienetako jangeletako begiraleek.

Greba ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek deitu dute, eta helburua da Hezkuntza Saila behartzea sail horrek zuzenean kudeatzen dituen jangeletako begiraleen eta eta horiek azpikontratatzen dituzten enpresen arteko eztabaidan parte hartzera, langile horiek duten komenioa negoziatzen diharduten honetan. Langileek eskatzen dute, besteak beste, laneguna ordu erdian luzatzea, lanarekin zerikusia duen prestakuntza jasotzea, soldata igotzea –Jaurlaritzak orduko 25 euro ordaintzen ditu begiraleko, baina begiraleari 12 bakarrik ailegatzen zaiola salatzen dute sindikatuek– eta begirale bakoitzak ume gutxiago zaindu behar izatea: "Lehen, ordu bakoitzeko bederatzi ume ziren begiraleko; orain, 12 dira, eta murrizketarekin, umeei tratu hobea emango zaie", esaten du ELA sindikatuak.

Ikastetxe gehienek ez dute neurririk hartuko, "legezkoa den greba ezin dugulako zapuztu", azpimarratzen du zuzendari batek. Hortaz, umeen bila joan beharko dira familiak. Ikastetxe batzuek garraio berezia antolatu dute auzoetan bizi diren ikasleak etxera eramateko; gastu hori ikastetxeek hartzen dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak