Huts egin gabe, Alpha Blondyk leporaino bete zuen plaza jendez

Jon Berezibar 2008ko eka. 7a, 18:13

Lan nekeza izan zuen atzo gauean San Martin plazatik pasatu gura izan zuenak. Jendez lepo bete zen plaza Alpha Blondy ikusteko: jarraitzailerik sutsuenak lehen lerroan – Bob Marleyren eta Jamaikako banderak haizatuz – eta kasualitatez bertatik pasatu eta gustura entzuten geratu ziren asko ere – norberak ahal zuen moduan karibeko erritmoak jarraituz, gerriarekin ala buruarekin. Bai lehen lerroan zein azkenean, nagusi zena belar usaina zen. Atzokoari dagokionez, aipagarria ere Oreka TX bikote txalapartariak ikuskizun berria estreinatu zuela frontoian. Gaur eta bihar ere emanaldiak egingo dituzte.

Alpha Blondyk jendetza erakarri bazuen ere, ondo baino hobeto berotu zioten plaza aurretik jo zuten Revolutionary Brothers anaia donostiarrek, euren reggae sound systemarekin. Giro ezin hobea plazan eta janari eta edari postuak ilada luzeekin; leku  guztietan jendea ikus zitekeen atzo Bergaran. Lehenengo egunetik beraz erabil genezake arrakasta berba.

 

    Baina harrera ona ez zuten gaueko ekintzek bakarrik izan atzo. Azoka zabaldu zuten unetik, jendearen joan-etorria etengabea izan zen. Horrez gain, Tandarica Orkestarrekoek, esaterako, kaleko ume eta nagusi guztiak aztoratu zituzten euren zirko ibiltari ikusgarriarekin eta horien ostean kaleko giroa berotzearen lekukoa Salam! kalejirakoek hartu zuten txotxongilo eta txantxekin.

 

    Atzoko beste protagonistak, baina etxekoak izan ziren. Oreka TXkoek ikuskizuna estreinatu zuten. Nömadak TX

film arrakastatsua formatu berri batera moldatu dute. Frontoian iglu puzgarri handi bat ipini dute. Barruan indiar tipi itxura hartzen du lekuak eta ikusleak borobilean jesartzen dira txalaparta kontzertua entzun eta filmeko irudiak ikusteko. Gaur eta bihar ere egingo dituzte kontzertuak (18:00etan gaur eta 11:00etan bihar).

 

    Gaurko ekitaldiei dagokienez, Open boulder txapelketa egongo da arratsaldean eta kaleak animatzen Laboratorio de Samba, Alkora taldearen perkusioak eta Cairoko dantzariak ibilko dira. Gauen Tasha's World, 08001 eta Floro dj-ak  jardungo dute.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak