Hotza eta euria Aste Santuko oporretan

Arantzazu Ezkibel Galdos 2008ko mar. 25a, 18:12
Egubakoitz Santuko ilargi beteak eguraldi aldaketa ekarri zuen; eta, horrekin batera euria eta elurra. Azken egunotan botatako euriek Urkuluko urtegia zerbait gehiago bete dute; hala, urtegiaren %71 beteta dago momentu hauetan.

Ez dira egun gozoak izan Aste Santuko oporretakoak. Espero bezala, egubakoitzeko ilargi beteak aldaketa ekarri zuen eguraldian. Hala, azken lau egun hauetan neguan egin duena baino euri gehiago egin du. Hain zuzen ere, 170 litro ur bota du. Botatako euriarekin, Urkuluko urtegia %71 bete da.

Bergarako San Juan auzoan jasotako datuen arabera, euri gehien atzo, astelehenean egin zuen; hain zuzen ere 46,9 litro ur metro koadroko. Hilaren 21ean 43 litro egin zituen, hilaren 22an 35 litro eta hilaren 23an 43,5 litro ur. Hortaz, guztira neguko hiru hilabeteetan bota duena baino gehiago bota du lau egun horietan. Hala ere, Luis Mari Agirrek azaldu digu iazko martxoan 407 litro ur bota zituela; hortaz, aurtengo martxoa baino zerbait gehiago.

Elurra hainbat txokotan

Euriaz gain, hotza ere egin du eta horrek elurra ekarri du ibarreko hainbat tokitara. Arantzazun, esaterako, 24 zentimetrotara iritsi zen elurra; baina, mendi aldean gehiago egin zuen. Urbian, esaterako, metro batetik gora zegoen elurra domekan.

Udaberria

Gainera, gogoratu, eguenean udaberrian sartu ginela. Pello Zabalak esan duenaren arabera, udaberri gozoa eta epela espero da. Hala ere, datozen hiru asteak aldrebesak izango direla esan digu Pello Zabalak, denetik egingo duela, alegia. Gero, maiatzaren erdialdera arte eguraldi gozoa izango dugu.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak