Lasterketan esku hartuko duen korrikalarietako bat da Iban Isasti oñatiarra: "Aurtengoa hirugarren aldia izango da, baina ondo dakit ez naizela aurrekoetan bezain ondo egongo, gutxi entrenatuta nator-eta". Igor Oiarbide bergararrarendako, berriz, domekakoa proba berria da: "Behobia eta horrelako lasterketak egin izan ditut, eta orain dela bi aste ere Lezaman izan nintzen, beste lasterketa batean. Hala ere, Zegama-Aizkorrik ez du aurrekoekin antzekotasunik, proba luzea da-eta".
5.500 metroko desnibela
Zegama-Aizkorri lasterketak (42,195 km) 5.472 metroko desnibel metatua du, eta parte-hartzaileek EAEko tontorrik garaienetakoak igaroko dituzte: Aratz, Aizkorri, Aketegi eta Aitxuri, hain zuzen. Lasterkariek, gehienez, 8 orduan egin beharko dute ibilbidea. Gizonezkoetan errekorra 3 ordu, 54 minutu eta 18 segundotan dago; emakumeetan, berriz, 4 ordu, 43 minutu eta 4 segundotan dago errekorra.