Oroimen historikoa berreskuratzeko helburuarekin, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Zuzendaritzak gune berri bat jarri du martxan Interneten: http://www.jusap.ejgv.euskadi.net. Hain zuzen, “Egia berreskuratu, isilaldia hautsi” da web gune berriaren leloa. Gune horrek lehen aldiz argitaratu du Euskal Autonoima Erkidegoko hobien mapa eta baita 36ko gerran eta diktadura frankistan fusilatu edo desagertutako pertsonen zerrenda ere.
Hobien mapak berrogeita hamar hobi komun baino gehiago kokatzen ditu, eta informazio zehatza eskaintzen du hobi horien kokapenari buruz. Horrela, gure bailaran, Antzuolan Deskarga aldean kokatzen du hobi bat, Aretxabaletan Bidegurutzean, Arrasaten Kurtzetxikiko leizean, Bergaran Sagasti mendian eta Elgetan Anzuategi II baserriko lurretan.
Fusilatu edo desagertutako pertsonen zerrendari dagokionez berriz, dagoeneko 8.560 izen biltzen ditu. Horietatik 7.336 Euskal Antonomia Erkidegokoak. Zerrenda horren helburua da biktima horien aitorpen publikoa egitea.
Oroimen historikoaren web berrian, 36ko gerraren ondorioz askatasun gabezia jasan zuten pertsonei egindako urteko konpentsazioen banaketa; eta, Eusko Jaurlaritzak, gerrak eta diktadura frankistak izan zituzten ondorioak arindu guran egin dituen hitzarmen eta araudien bilduma ere kontsulta daitezke.