Osasun arloko lan hitzarmen duina eta negoziazioekin jarraitzea eskatuz ELA, SATSE, LAB, CCOO, UGT, ESK UTESE eta SAE sindikatuek deituta, hiru orduko lanuzteak egin dituzte gaur Euskal Autonomi Erkidegoko ospitale eta osasun zentroetan. Pasa den azaroaren 23an izan zen sindikatu eta Osakidetzako ordezkarien arteko azken hartu-emana, eta sindikatuak ez ziren gustura atera bertatik.
Osakidetzak gatazka konpontzeko hiru puntu garrantzitsu ahaztu zituela diote sindikatuek, hala nola,
- lanbide garapena kategoria guztientzako,
- soldata taulen banaketa berria eta
- zerbitzuak pribatizatzearen inguruko eztabaida.
Beste hainbat puntu zehaztu gabe dauden arren, hiru horietan zentratuko direla esan dute sindikatuek.
Debagoieneko datuak
Hainbat lanuzte egin dituzte jada negoziaketen alde, eta gaur nabaria zen Debagoieneko ospitalean behintzat gaixo gutxiago zebiltzala. Herritarrak lanuzteen berri badutela adierazi dute sindikatuetako ordezkariek.
Sindikatuen arabera, Debagoieneko ospitalean, langileen %76ak egin du lanuztea. Osasun zentroei dagokienean, eta beti ere sindikatuen datuen arabera, Arrasatekoan lanuzteak %95eko jarraipena izan du, Bergarakoan %60koa, Oñatin %27koa, Aretxabaletan %60koa eta Eskoriatzan %87koa. Osakidetzak bere aldetik esan du, aurreko lanuzteetan baino jarraipen txikiagoa izan duela gaurkoak, eta Gipuzkoan langileen %27ak jarraitu duela zehaztu du.