Hiru egunetako aste bukaeran, Euskal Herriko jendea etorri da bisitan kanpokoa baino gehiago

Goiatz Arana Begiristain 2010ko mar. 21a, 22:35
Asteburu normaletan baino mugimendu handiagoa egon da, baina lasai joan da. Arrikrutzek erakarri du jende gehien; 500 lagunek baino gehiagok bisitatu dituzte kobak, egubakoitzetik domekara. Hutsik egon dira ostatuetako gela asko.

Lasai joan da San Jose zubia Debagoienean: bertako jendearen falta sumatu da eta bisitariak izan ditugu, baina ez asko. Eta etorri direnen artetik gutxi batzuek baino ez dute hartu ostatu gurean; etxea gertu zutelako izango zen seguruenik, bisitari gehienak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoatik etorri direlako. Ostatuetan ez da, beraz, aparteko mugimendurik izan. Galdetutako tokien artetik, bakar baten esan digute etxea beteta izan dutela zubian, Antzuolako Ibarren, hain zuzen: Gabonetan izandako taldearekin bete egin da berriz ere.

San Jose eguna, jendetsuena

Barikua izan zen egunik fuerteena. Egun horretan, 90 lagunek esku hartu zuten Oñatiko unibertsitatea eta parrokia ezagutzeko bisita gidatuetan –zapatuan 34k–. Eta zubiko lehen egun horretan Arrikrutzeko kobetan izandako bisitari kopurua ondorengo bi egunetakoen bikoitza izan zen –260 lagun pasa ziren barikuan eta 130na zapatuan eta domekan–; egubakoitzekoa sekulako markatzat jo dute arduradunek.

Leintz Gatzagako turismo bulegoan esan digute ez dela jende askorik ibili, baina bai asteburu normal baten baino gehiago. Gatz museoan programatuta zituzten bisitekin –egun bakoitzeko, bi– aurrera egin ahal izan dute, baina ez da besterik atera.

Barrukaldeko eskaintza

Gurean ostatu hartzen duten askok Gipuzkoako kostaldera eta Bilbora jotzen badute ere, gero eta gehiago dira Debagoieneko eskaintzarekiko interesa erakusten dutenak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak