Hiru 'Condor' debagoiendar mundua konkistatzen

Irati Agirreazaldegi 2009ko urt. 15a, 17:55

'El conquistador del fin del mundo' telebista saioaren bosgarren edizioa hasi da ETB 2an. Lehiakideen artean daude hiru debagoiendar: Maite Iturraran arrasatearra, Bergarako Eneko Muguruza eta Ahinara Zubizarreta eskoriatzarra.

Saioa aurrez grabatua egonik Argentinan bizi izandakoa oso esperientzia polita izan dela esan digute, baina goseak eta hotzak egon dira. "Badakit zer den benetan gosea pasatzea, baina oso esperientzia polita izan da. Nik gosea baino gehiago hotza pasa dut. Jendea ez zen hotzaz kexu, baina niretzat hori izan da gogorrena. Gainera, arropak bustita, lehortu ezin… ibili gara", esan digu Maitek. Enekorendako gosea izan da gogorragoa: "Denbora asko geneukan libre eta jatekoari buruz berba asko egiten genuen". Ahinarak hotza nahiko ondo agoantatu du, "baina euria egin duenean horrek egoera gogortu du. Hala ere ni neu gogorra naiz eta aurre egin diot hotzari", esan digu.

Talde giro polita

Hirurei egokitu zaie talde bera, Condor-ena. "Nahiko talde polita izan da hasieratik eta ondo moldatu gara. Aurrez ez genuen elkar ezagutzen debagoiendarrok baina badauzkagu lagunak komunean eta gertutasun horrek nolabait elkartu gaitu saioan ere", esan digu Ahinarak. Taldean oro har ondo moldatu badira ere saioan barrena ikusiko dugu pikerik. Ahinararen esanetan, "zailena  taldekideekin ondo konpontzea. Istiluren bat edo beste beti izaten da denbora luzeko elkarbizitzan". Maitek ere esan digu edizio nahiko polemikoa izango dela: "Pumen eta Condorren artean izango dira eztabaidak, batik bat probak galdutakoan eta baita gure talde barruan ere. Ni neu kapitainekin, neskekin,  oso ondo moldatu naiz. Taldean ere ez dut arazo askorik izan, noiz edo noiz kexatu naiz hala ere. Baina naizen modukoa azaldu naiz, hortaz, ondo". Eneko Gotzon taldekidearekin moldatu da ondoen, baita kapitainekin ere, "euren artean egiten nuen egunero lo". Taldean izan omen dira pare bat lagun taldeko kideekin harreman handirik izan ez dutenak baina gainontzean oro har ondo konpondu direla esan du bergararrak.

Proba gogorrak

Taldean, hala ere, hobe ondo konpontzea elkarrekin askotariko probak egin behar izan baitituzte. "Astelehenean eman zuten proba nahiko sinplea zen, baina hortik aurrera gero eta gogorragoak izango dira, muturrera iritsi arte. Probetarako burua hotz izan behar da indarra baino gehiago. Probarik gogorrenak uretakoak izan dira niretzat. Ura oso hotza dago eta igerian ez naiz oso abila", dio Maitek. Enekoren esanetan, "jan gabe indarra falta zitzaigun probei aurre egiteko". Ahinara bat dator beste biekin, hala ere, "probak egiteko gogoz izan naiz beti", esan digu.

Lagunekin eta etxekoekin

Lehen saioa Enekok eta Ahinarak lagunekin ikusi zuten eta Maitek etxekoekin. Ahinarak "natural" ikusi zuen bere burua eta lagunek ere hala esan zioten. Enekok "arraro" eta lotsatuta egon zela aitortu digu. Maiteren esanetan, "ulertzen dut moztu egin behar dutela eta han egun askotan bizi duguna ordu batzuetan eman behar dutela, baina han bizi izandakoa eta etxetik telebistaz ikusi dudana nahiko ezberdinak irudiu zaizkit". Etxean ikusi zuen lehen saioa "ama urduri zegoelako ikusteko, baina hemendik aurrera uste dut lagunekin ikusiko dudala, irrikatan baitaude saioko gauzak nirekin komentatzeko", esan digu.

Lehiaketan noraino iristen diren jakiteko saioa ikusi beharko dugu astelehen gauetan. Maiteri aurrerago iristea gustatuko litzaioke, baina "ez naiz kexatzen egindakoarekin", dio. Eneko ia amaierara arte ikusiko omen dugu; eta Ahinarak amari baino ez dio esan emaitza, "urruti dagoelako eta saioa ez duelako ikusiko. Behin emandakoan kontatuko dizkiet besteei gauzak", kontatu du.

Hiru Condor-ak eta hirurak gogorrak. Munduko azken lurmuturra konkistatzeko bidean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak