Hiru autobus joan ziren Debagoienetik AHTren kontrako agerraldira

Jasone Zabala 2009ko urtarrilaren 19a

AHT Gelditu! elkarlan kale agerraldia egin zuen zapatuan Urbinan, trenaren lanak egiten dabiltzan lekuan. Jende asko gerturatu zen bertara; Debagoienetik hiru autobus joan ziren. Agerraldiak oztopo asko izan zituen, eta, esaterako, bederatzi autobus luzaro geldi egon ziren Leintz Gatzagan jarritako kontrol batean. Azkenean, kale agerraldikoak lanak ikustera joan ziren unean, Ertzaintzak bortizki sakabanatu zituen. Ondorioa: 60 bat zauritu eta zortzi atxilotu, antolatzaileen esanetan.

Alderdi politikoei protesta

Bestalde, aurreko eguenean, AHT Gelditu! elkarlanekoek kontzentrazioa egin zuten Arrasaten "AHT proiektua babesten duten alderdi politikoen aurka". Kontzentrazioa Alderdi Sozialistaren egoitzaren aurrean egin nahi  bazuten ere, Ertzaintzak ez zien  utzi eta Arbolapetan egin behar izan zuten.

AHT Gelditu! Elkarlaneko Mila Elortzaren arabera, egiten dabiltzan  kontzentrazio eta manifestazioen bidez gura du  bultzatzaileei salaketa egitea, " alderdi politikoak direlako honen guztiaren bultzatzaile eta arduradunak". Bestalde, AHTren lanak gure ibarrean egoera ezberdinean daudela azaldu zuen: "Gatzagan hasi eta Arrasate arte doan zatia Espainiako Gobernuaren esku dago; Bergara-Antzuola zatia Jaurlaritzaren ardurapean dago. Jaurlaritzaren esku dagoen tartean oraindik ez dago oinarrizko proiekturik eginda, idazten ari dira; Estatuaren esku dagoen zatian, Eskoriatzan adibidez, desjabetze akten sinadura saiakera bi eginda daude eta Aramaioko tartea ere egoera berean dago; Arrasatekoa ere antzera". Aldi berean, adierazi zuen  Arrasate eta Angiozar arteko tartean orain amaitu zaiela epea oianrrizko proiektuari alegazioak egiteko, eta orain, proiektu eraikitzailea egiten dutenean, alegazioak aurkezteko aukera izango dutela.

Krisiaz baliatuta

"Krisi ekonomikoaz baliatuta nahi dutena da hainbat lekutan AHTren lanak hasi eta aurrera eramaten ahalegintzea, dakitelako ez dagoela dirurik; horregatik hasi dira puntu ezberdinetan lan horiekin", azaldu zuen Mila Elortzak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak