Osakidetzak hartu berri duen erabaki horrekin Debagoieneko herri bakoitza nola geratuko den jakin gura izan dugu. Hala, Aretxabaleta, Eskoriatza, Oñati eta Arrasateko anbulatorioak itxita egongo dira; orain arte 09:00etatik 14:00etara eman dute zerbitzua zapatuetan. Bergaran (bergarar, antzuolar eta elgetarrendako zerbitzua ematen duena), berriz, etengabeko arretako gunea dute eta orain arte bezala funtzionatzen jarraituko du; hori indartzeko asmoa dute gainera. Medikuaz, erizainak eta pertsonal administratiboaz osatuta dago gune hori.
Esandako itxierek herritarrengan eragina izango dute. Dena dela, Domingok debagoiendarrak lasaitu gura izan ditu: "Lanean gaude eta oraindik ez dago ezer itxita. Argi daukaguna da Arrasateko ospitaleko eta Bergarako etengabeko arretako guneko kalitateko asistentzia bermatuko dugula".
Arrasateko ospitalera
Osakidetzaren arabera, esandako neurria zapatu goizetan osasun-guneetan eskaintzen den zerbitzuak duen osasun-pertsonal gabeziatik dator. Bere garaian, Arrasaten, Oñatin eta Leintz bailarako osasun-guneetako ordutegia handitu zuten, astelehenetik egubakoitzera, 08:00etatik 20:00etara, eta zapatuetan, eguerdira arte. Profesional falta batetik, eta bestetik anbulatoriora joan beharrean, zuzenean ospitalera joateko ohitura dagoela. Hala, Arrasateko ospitaleko larrialdi zerbitzuan zentralizatzea eta hori indartzea erabaki dute Osakidetzakoek.
943 46 11 11 telefonora deitu
Gauzak horrela, Leintz Gatzaga, Eskoriatza, Aretxabaleta eta Oñatiko herritarrak autoz mugitu beharko dira aurrerantzean. Hori, dena dela, batzuetan ekidin ahal izan dute Osakidetzako larrialdietarako telefonora deituta; 943 46 11 11 zenbakira, hain justu. Leintz bailarako arduradunaren esanetan, "telefonoaren beste aldean dagoenari erabiltzaileak ematen dizkion datuen arabera, behar diren bitartekoak jarriko dira eta lehenengo diagnosia egingo da; osasun-pertsonala dago zerbitzu horretan. Horiek zer bide jarraitu behar duten jakinaraziko diete erabiltzaileei. Jendeak, normalean, 112 zenbakira deitzen du, ikasteko samurragoa delako; baina, telefono zuzena esandako hori da".
Clementerekin hitz egiteaz gain, Osakidetzako prentsa bulegokoekin ere egon gara. Aipatu dute egunotan udalekin harremanetan dabiltzala. Aldiz, Arrasateko alkate Ino Galparsorok Osakidetzak esandakoa gezurtatu du, eta aditzera eman du berarekin inor ez dela kontu horren gainean harremanetan jarri, oraingoz.
Prentsaren bidez
Bestalde, Oñatiko alkate Lourdes Idoiaga oso kritikoa izan da Osakidetzaren jarrerarekin. Salatu du prentsaren bidez izan zutela horren berri, orain dela hamar bat egun: "Zuzenean deitu nuen Gipuzkoako Mendebaldeko zuzendaritzara; gugana etortzeko asmoa zuela esan zidaten". Joan den eguazten goizean batzartu zen zuzendariarekin eta baieztatu zion Oñatiko anbulatorioa ixteko asmoa dutela.
Idoiagak esan digu "sutan" dagoela, erabakia hartzerakoan ez dituztelako udalak kontuan izan. Alkatearen arabera, "neurri hori bitartekoen arrazionalizazioa dela-eta hartzen dutela esan zidan; krisiari aurre egiteko eta gastua murrizteko. Ziurtatu zidan, era berean, osasun-kalitatean ez duela inongo eraginik izango".
Alkateak erantzun zion horrelako neurria hartu aurretik anbulatorio bakoitzak duen eskaera aztertu beharra dutela: "Ondo ikus dezaket, zapatu goizean, Gasteizen, Aranbizkarrako anbulatorioak ixten baldin badituzte, gertu dutelako ospitalea. Bat nator gastua murriztu behar dela, baina kendu behar da gehien dagoen tokietan, ez gutxien daukagun tokietan. Oñatin asko borrokatu behar izan genuen zapatu goizean anbulatorioa zabalik izateko eta orain honekin etortzen dira. Ezin dut onartu. Ez dakit noraino iritsiko garen, baina nik esan nion ez daukadala arazorik Osakidetzako zuzendari orokorrarengana edo sailburuarengana joateko".
Ospitalea, jendez lepo
Azken horrekin kezkatuta agertu da Oñatiko alkatea: "Denok ospitalera joan beharko dugu; neurri honekin oraindik jende gehiago egongo da han eta joaten garen bakoitzean, agian bospasei ordu pasa beharko ditugu han. Hori ez da zerbitzua hobetzea. Hurbileko zerbitzuak mantendu behar direla iruditzen zait".
Eudelen batzarra bihar
Osakidetzaren erabakiaren aurrean, udalak mugitzen hasi dira. Horren harira, Idoiagak jakinarazi digu bihar, martitzena, Eudelek batzarra duela neurri hori aztertzeko.