Debagoieneko Tranbiaren egitasmoa aspalditik dator. Hain zuzen ere, tranbiaren hasierako ibilbidearen gaineko proiektua 2004aren bukaeran erakutsi zuten jendaurrean.
Horri jarraitu zion jendaurrean erakusteko epeak eta horri dagokion alegazioak egiteko tarteak ere. Are gehiago, informazio epea luzatu egin zuten.
Lehenengoko alegazioak
Lehenik eta behin, Bergarako Udalak hamahiru alegazio egin zizkion aurkeztutako ibilbideari. Besteak beste, eskatu zuten Matxiategiko geltokitik Ozaeta kalera bitarteko bidea aldatzea.
Aretxabaletako Udalak ere beste horrenbeste egin zuen proiektuaren aurrean. Hala, ibilbidearen aldaketa bat eskatu zuten herrigune barruari dagokion zati baten, hain justu.
Ibilbideari aldaketak
Aipatutako udaletako alegazioen ondorioz, Jaurlaritzak erabaki zuen ibilbidearen proiektuari hainbat aldaketa egitea, eta hori idaztea. Horren ostean, 2006ko azaroan, hain zuzen ere, aldatutako proiektua jendaurrean jarri zuten eta aipatutako udaletxetara bidali zuten, udalerri horietan berriro aztertu eta kontrakorik bazuten, jakinarazteko.
Hori baino apur bat lehenago, 2006ko apirilean, tranbiaren lehenengo fasearen eraikitze proiektua idaztea onartu zuten. Iberinsa-LKSk hartu zuen horren ardura.
Aztertze lanak egiten
Gerora, udal hauteskundeen ostean, Arrasateko Udalak, udal gobernua aldatuta, beste aldaketa batzuk egitea eskatu zuen.
Jaurlaritzak, hala ere, prozedurak abian dauzka tamaina baten: hala, herri kanpoko tramuen eraikitze proiektuak idazten dabiltza; geoteknikari dagozkion lanak hastear daude eta beste. Hala ere, kontuan hartu behar da Arrasateko Olandixoko tunelaren proiektuak eta Aretxabaletan egin gura duten biribilgune berriak lanok neurri baten mugatzen dituztela.
Hiru fase izango ditu
Debagoieneko Tranbiaren lehenengo fasea Bergara eta Aretxabaleta artekoa da, eta 17,5 kilometro izango ditu. 19 geltoki izango ditu: bederatzi Arrasaten, zazpi Bergaran eta hiru Aretxabaletan. Lanak hasi eta bukatu bitartean 36 hilabete pasako direla aurreikusi dute.