Herri galdeketaren aldeko sinadura bilketa egingo dute aste bukaeran

Arantzazu Ezkibel Galdos 2008ko urr. 16a, 16:07
Ibarretxe lehendakariak proposatutako herri galdeketaren aldeko sinadura bilketa egingo dute bihar ibarreko hainbat herritan. Ekimena EAJ, EA, Ezker Batua eta Aralarrek bultzatu dute. Bestalde, urriaren 25ean Legution egin behar duten ekitaldirako gonbidapena luzatu dute lau alderdiek. Horren berri emateko, martitzenean prentsaurrekoa egingo dute Oñatiko Kultura Etxean, 18:00etan. Han izango dira lau alderdietako alkate, zinegotzi eta ordezkariak.

Atzo Bergarako Kultura Etxean egindako prentsaurrekoan eman zuten horren berri Bergarako EAJko eta EAko kideek. EAJko Mikel Letek egin zuen berba: "Zapatuan hiru mahai jarriko ditugu Bergarako kaleetan; frontoi inguruan, Irala kalean eta merkatuan". Ekimenaren helburua kontsultaren aldeko sinadura bilketa egitea da. "EAJ, EA, Ezker Batua eta Aralarrek bultzatutako ekimena da. Ekimenarekin lortu gura duguna da herritarrek, nolabait, alderdiek aurrera eraman gura duten ekintzei babesa adieraztea", azaldu zuen Letek. Modu horretan herritarrek bat egingo dute Ibarretxek euskaldunen eskubideak aldarrikatzeko Europako Giza Eskubideen Epaitegira joateko duen asmoarekin.

Mahaiak kalean

Bergaran zapatu goizean jarriko dituzte mahiak, 10:00etatik 14:00etara. Esan bezala, hiru tokitan egongo dira mahaiak: frontoi inguruan, Irala kalean eta Santa Marinako merkatu inguruan. Mahaietan ekimenaren bultzatzaileak diren lau alderdietako kideak egongo dira.

Antzuolan, Elgetan eta Oñatin ere bai

Antzuolan, Elgetan eta Oñatin ere jarriko dituzte galdeketaren aldeko mahaiak. Antzuolan, zapatuan eta domekan jarriko dituzte. Antzuolako plazan egongo dira, 11:00etatik 13:00etara. Elgetan, domekan jarriko dituzte mahaiak, plazan, 11:30etik 13:30era. Oñatin, ere, zapatuan eta domekan jarriko dituzte. Zapatuan plazan eta Olaran; eta, domekan plazan eta Arantzazun. Bi egunetan ordutegia 11:00etatik 13:00etara izango da.

Erabakitzeko eskubidea

Atzoko prentsaurrekoan, gainera, urriaren 25ean Legution egin behar duten ekitaldiaren berri eman zuten. "Berez, kontsulta eguna izan behar zuen urriaren 25ak; baina, ez denez egingo, legebiltzarrean kontsulta babestu dugun alderdiok Hitza hitz ekimena antolatu dugu", esan zuen Letek. Ibarreko ordezkariei Legutiora joatea egokitu zaie. Han, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko, herritarrek, Euskal Herria, Bakea, Erabakia eta Bai berbak osatuko dituzte.

Prentsaurrekoa, Oñatin

Legutiora joateko autobusak jarriko dituzte ibarreko herrietan. Oraindik zehaztu barik dagoen arren, horren berri emateko, martitzenean prentsaurrekoa egingo dute Oñatiko Kultura Etxean, 18:00etan. Han izango dira lau alderdietako alkate, zinegotzi eta ordezkariak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak