Hego Euskal Herriko euskarazko lehenengo antzezlana taularatuko du Doke taldeak

Usoa Agirre 2006ko abe. 7a, 18:14
Hego Euskal Herrian ezagututako euskarazko lehen antzerki obra taularatuko du Arrasateko Doke antzerki taldeak Arrasaten eta Aramaion. Pedro Ignacio de Barrutia aramaioarrak XVIII. mendean idatzitako 'Actto para la Noche Buena', hain justu ere.

XVIII. mendean idatzitako obra izanik, eguneko baldintzetara egokitu dute, bai egileak erabilitako euskarari dagokionez zein islatzen dituen zenbait pertsonaiaren karakterizazioari dagokionez. Hala ere, ez du originalaren xarmarik galdu; Barrutia oso egile modernoa izan zen bere garairako eta orduko antzerki teknikak ezagutzen zituen. Hala, eta obraren egiturari esker, Doke taldearen emaitzan gaurkotasunari eutsi ahal izan diote.

Herritarrek antzezteko

Josemari Velez de Mendizabalek –testuaren moldatzailea– azaldutako moduan, Barrutia Arrasateko eskribaua zen eta badirudi zaletasunak bultzatuta idatzi zuela antzezlana. Gainera, Arrasaten antzezteko sortu zuen, baina inoiz taularatu ote zen ezin izan dute jakin. Aurreko mendean birritan aurkeztu zen, baina oraingo hau da Arrasateko talde batek berezko ekoizpenarekin egingo duen lehen antzezpena. Jesusen jaiotzarekin herri oroimenean erlazionatutako pertsonaiei bere garaiko arrasatear batzuk gehitu zizkion Pedro Ignacio de Barrutiak. Horren haritik ere, gaur egungo ikuspegia eman diote antzezlan berriari.
Arrasaten eta Aramaion antzeztuko dute lana. Arrasaten hilaren 16an (20:00) eta 17an (19:00), Amaia antzokian, eta sarrerak hilaren 11tik aurrera egongo dira salgai; Aramaion hilaren 23an egingo dute emanaldia, 20:00etan, kultura etxean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak