Hauteskundeetarako deialdi ofiziala dagoeneko egin dute

Aintzane Irizar 2007ko api. 4a, 14:40

Martitzenean, apirilaren 3an, egin ziren ofizial Batzar Nagusietarako eta udal hauteskundeetarako deialdiak. Horrela, dagoeneko martxan jarri dute hauteskunde prozesuaren "makineria".

Apirilaren 3an, martitzena, argitaratu zituzten buletin ofizialetan maiatzaren 27ko hauteskundeetarako deialdi ofizialak. Horrela, prozesuaren egutegia abiatu dute.


- Apirilaren 9tik 16ra: Hautesleen erroldak ikusgai jarriko dituzte udaletxeetan. Epe horixe bera egongo da aldaketak edo erreklamazioak egiteko ere.
- Apirilaren 18tik 23ra: Alderdi politikoek edo hautesle zerrendek epe horixe dute hauteskundeetara aurkezteko.
- Apirilak 25: Hautagaien zerrendak argitaratuko dituzte.
- Apirilak 30: Hauteskunde Batzordeak hauteskundeetara aurkeztuko diren alderdien eta hautesle zerrenden aldarrikapena egingo du.
- Maiatzak 1: Zerrenda argitaratuko dute.
- Apirilaren 28tik maiatzaren 1era: Hauteskunde egunean mahaian zein herritar egon behar diren aukeratzeko zozketak egingo dituzte udaletxeetan. Zozketa horiek publikoak izaten dira. 65 urtetik beherakoek eta idazten eta irakurtzen dakitenek dute obligazioa mahaietan egoteko.
- Maiatzaren 11tik 25era: Hauteskunde kanpaina.

Berdintasun legea

Aurten lehenengo aldiz, zerrendak osatzerakoan, Berdintasun Legea bete beharko dute alderdiek eta hautesle zerrendek. Martxoan onartu zuen lege hori Kongresuak.

Legearen arabera, helburua da emakume eta gizonezkoen kopuruaren orekari eustea; horrela, hautagaien %40k gutxienez izan behar dute emakumezkoak zein gizonezkoak. Horixe bete beharko da zerrendetako bosteko tramutan.

Oraingoz, 5.000 biztanletik gorako herrietan bakarrik bete beharko da lege hori. 2011. urtetik aurrera, 3.000 biztanletik gorako herrietan.

Zinegotzi gehiago Debagoienean

Orain dela lau urteko udal hauteskundeetan baino sei zinegotzi gehiago aukeratuko ditugu maiatzean debagoiendarrok. Antzuolan, Elgetan eta Leintz-Gatzagan, hain zuzen ere, zinegotzi kopuruak gora egingo du, biztanle kopuruak ere gora egin duelako.

Antzuolan, bederatzi zinegotzietatik 11 zinegotzi aukeratzera pasatuko gara. Elgetan, zazpitik bederatzira; eta Leintz-Gatzagan, bostetik zazpira.

Batzar Nagusietarako 14 ordezkari

Gipuzkoako Batzar Nagusietarako 51 ordezkari aukeratuko ditugu gipuzkoarrok. Lau barrutitan banatzen dituzte Gipuzkoako herri guztiak. Debagoieneko Gipuzkoako herriak Deba-Urola barrutian daude eta barruti horretan 14 ordezkari aukeratuko ditugu.

Aramaioren kasuan, bestalde, Arabako Batzar Nagusietarako ordezkariak aukeratuko dituzte. Hiru barruti daude Araban: Gasteiz, Aiala eta besteak. Besteak barrutian dago Aramaio eta sei ordezkari aukeratzea egokitzen zaio barruti horri.

Debagoiendarrak zerrendaburu

Alderdi politikoak badabiltza poliki-poliki hautagaien berri ematen. Gipuzkoako Batzar Nagusietarako zerrendaburuen artean baditugu bi debagoiendar:

- Iñaki Galdos (EA). Oñatiarra. Gipuzkoako aldun nagusi izateko EAren hautagaia.
- Rebeka Ubera (Aralar-Ezker Batua). Elgetarra. Deba-Urola barrutiko zerrendaburua.

EAJ alderdiak Batzar Nagusietarako hautagaien zerrenda guztiak eman ditu jakitera. Horien artean ere badira hainbat debagoiendar, Deba-Urola barrutiko zerrendan; hona hemen:

- Ainhoa Galdos. Oñatiarra. Laugarrena zerrendan.
- Aintzane Oiarbide. Bergararra. Bederatzigarrena zerrendan.
- Ixidor Solupe. Arrasatearra. Hamaikagarrena zerrendan.
- Iñigo Ramirez de Okariz. Antzuolarra. Hamahirugarrena zerrendan.

Zinegotzi kopuruak, herriz herri

Esan bezala, hainbat aldaketa egon dira; Antzuolan, Elgetak eta Leintz-Gatzagak bina zinegotzi gehiago izango dituzte maiatzetik aurrera. Hona hemen zerrenda:

Herria  Zinegotziak
 Arrasate  21
 Bergara  17
 Oñati  17
 Aretxabaleta  13
 Eskoriatza  11
 Antzuola  11
 Elgeta  9
 Aramaio  9
 Leintz-Gatzaga  7



ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak