Debagoienean AHTren lanak hasi direla salatzeko, elkarretaratzea egubakoitzean

Txomin Madina Milikua 2008ko uztailaren 16a

Eskoriatzan eta Aramaion hasi dituzte, eta momentuz pinuak botatzen eta pistak egin ahal izateko, sasi eta gainerako landareak garbitzen hasi dira. Deba bailarako AHTren kontrako herritar talde batek gogor kritikatu ditu lanok.

Eskoriatzan, Marin auzoan hasi dituzte lanak, Antxustegi baserriaren aurrean. Momentuz pinuak bota dituzte, eta sastraka eta beste hainbat landare ere kendu dituzte, lanak benetan hasiko diren tokira joateko pistak egin ahal izateko.

Marin auzoan egin beharreko azpiegiturak ugari dira. Bi tunel egingo dituzte: bat, Zarimutzera joango den tunela izango da, eta bestea Gasteizera joango dena, bestea baino handiagoa eta trenbide zaharreko bigarren tunelaren alboan egingo dutena. Honetaz gainera, Antxostegi baserriaren paretik beste bidezubi bat ere egingo dute. Horretarako lanak hasteko baina, auzotarrek esan digute oraindik ere hilabete batzuk itxaron beharko direla.

Aramaion, Bolinburu baserriaren inguruan hasi dira Abiadura Handiko Trenaren lanak burutu ahal izateko prestaketetan. Hemen ere, zuhaitzak botatzea eta bestelako landarea moztea da egiten ari diren lehen lana.

Asentzio barrutik zeharkatuz Eskoriatzatik Zabola azpira doan tunelaren aho bat egingo dute Bolinburu inguruan. Gero handik, pareta batzuekin babestuta irtengo da trena, eta ondoren, Arrasaterako bidea bidezubi baten bidez egingo du Abiadura Handiko Trenak.

Lanei kritikak

Debagoienean AHTren lanak hasi direla salatzeko, agerraldia egin zuten atzo (martitzena) Arrasateko Kulturaten AHTren kontra dagoen Deba bailarako herritar talde batek. Bertan egon ziren hainbat udaletako ordezkariak, besteak beste, Bergarako Enara Minguez zinegotzia eta Arrasateko Zutikeko zinegotzi den Julia Monge.

Bertan bildutakoek salatu zutenez, isilean hasi dituzte lanak debagoienean, eta gaineratu zuten horrek erakusten duela Eusko Jaurlaritza eta Sustapen Ministerioa herri eta norbanakoen gainetik inposatzen ari den makroproiektua dela.

AHT bezalako proiektu baten kostuak ere azpimarratu zituzten, batez ere krisi garaian. Inoiz Euskal Herrian egin den azpiegiturarik handiena izanda, herriari arreta gutxi jarri diotela ere esan zuten,   baita proiektuak proposatzen duen gizarte eredua jasangaitza dela eta herritarren gehiengoa kontra dagoela ere. Lanak uda garaian hasi arren, horrek ez dituztela herritarrak geldituko gaineratu zuten.

Judith Arriolabengoak Aramaioko herritar kaltetuen izenean egin zuen berba. Salatu zuen prozedura administratiboak ez direla behar bezala aurrera eramaten ari, eta gauzak ezkutuan egiten dabiltzala. Aramaion poliziaren kontrolak eta presentzia areagotu izana ere gaineratu zuen Arriolabengoak, intimidazioa eta indarkeria erabilita, obrak inposatuz.

Atzoko agerraldia gogora ekarri gura izan zuten, era berean, astelehenean, Miñano eta Luku bitartean egiten ari diren AHTren zubibidean hil zen 51 urteko langilea.

Elkarretaratzea eta bilera informatiboa

Datorren egubakoitzerako (hilak 18), hainbat ekintza iragarri zituzten agerraldian. Hala, lehenengo 19:00ean elkarretaratzea egingo dute Arrasateko herriko plazan, eta horren ostean, bilera informatiboa Kulturaten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak