Eusko jaurlaritzaren asmoa Gipuzkoa osoa zeharkatuko lukeen ''tren biribilgune'' bat egitea da, hain zuzen ere Eibar-Donostia-Zumarraga-Eibar ibilbidea egingo lukeen linea osatzea.
Geltokiak debagoienean
Manu Rueda Eusko Trenbide Sareko ordezkariaren esanetan, bideragarritasun plan honekin jakin gura dena da ea posible den Zumarraga eta Eibar artean trena egitea, eta baita interesgarria den edo ez erabakitzea.
Ruedaren esanetan, planak trenbide horren geltokiak ere aztertu beharko lituzke eta gaineratu du posible dela hauetako bat Debagoienean egotea. Bergara eta Arrasaten dagoen enpresa eta biztanle kopurua aipatzen ditu horretako ETSko ordezkariak. Gaineratu du era berean, trenbide horrekin bat egingo luketen adar posibleak ere jasoko direla azterketan.
Zumarraga-maltzaga linea
Ruedak gogoratu du baita ere 1975era arte martxan egon zela Zumarraga eta Maltzaga arteko trenbidea eta trenbide berria egingo balitz, posible dela trena bera lehengo trazatutik igarotzea. Esan bezala, enpresa irabazleak urtebetean aurkeztu beharko du ikerketa. Ruedak zehaztu du baina, horrek ez duela esan gura trenbidea egingo denik. Lehenengo aztertu egingo dute interesgarria den edo ez, zein den kostu ekonomikoa eta horretarako momentu egokiena den.