Hamahiru ordezkari ziklo-krosean lehian

Xabier Urtzelai 2008ko aza. 21a, 11:25
Debagoienean urtarrilaren 10ean izango da ziklo-kroseko hitzordu handia, orduan egingo dute Osintxuko lasterketa. Bitartean, baina, ibarreko hamahiru lagun batera eta bestera dabiltza, Euskadiko txapelketako egutegia betetzen.

Hamahiru lagun horiek dira, senior mailan: Ederra taldeko Felix Zugasti, Zigor Urain eta Iñigo Roldan gizonezkoetan eta Jone Muxika emakumezkoetan. Gazte mailan, berriz, Oñatiko Ander Altube eta Iker Mugartza eta Lokatza ZE taldeko Xabier Arantzeta, Anartz Gartzia, Unai Retolatza, Jon Rivero eta Unai Martinez dabiltza lehian. Azkenik, kadete mailan Hodei Orobengoak eta Mikel Aristik jardungo dute. Ziklo-kros egutegia hemen

Domekan Astarrian
Oraingo domekan Astarrian, Bizkaian, egingo dute ziklo-kros lasterketa, baina egongo da zapatuan Kantabriara joatera animatuko denik ere, Pielagosko saria egingo dute-eta han. 
Orain arteko lasterketei dagokienez, denboraldia Muskizen hasi zuten, urrian, eta ordutik lasterketa mordoa egon dira. Aipatzeko modukoa da, esaterako, Ander Altube oñatiarrak Pobesen lortutako garaipena, denboraldiko bigarren lasterketan –gazte mailan. Eta, Jone Muxikak beste horrenbeste egin zuen Karrantzan, azaroa hasieran. Eurekin batera, baina, lan ona egin dute Ederrako ordezkariek; Roldan eta Urain, esaterako, behin baino gehiagotan izan dira lehen hamar sailkatuen artean, eta Euskadiko txapelketara mugatu barik, bi ziklista horiek Madrilen ere izan dira lehiatzen.

Sumofic-Lokatza ZE TALDEA
Talde moduan, aipatzekoa da Lokatzakoak ziklo-krosaren alde egiten dabiltzan ahalegina. Batetik, bigarren urtez lasterketa bat ekarriko dute gurera –oraingoan Espainiako Txapelketa izango dena–, eta bestetik, ziklista harrobi sendoa osatzen dabiltza. 
Errepide denboraldia amaitu eta atseden hartu eta gero, Sumofic-Lokatzakoak joan den astean hasi ziren ziklo-krosean. Orion, esaterako, kirol hori lehenengo aldiz probatu duten Mikel Aristi eta Hodei Orobengoa atzealdean hasi ziren, baina aurrean amaitu. Hain zuzen ere, Mikel Aristi podiumera igo zen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak