Haizeak kalte ugari eragin ditu gure ibarrean

Arritxu Barruso 2010eko otsailaren 28a

Haize bolada bortitzek kalteak eragin dituzte gaur gauean gure ibarreko herrietan. Oraindik ere goiz da balorazioak egiteko baina, badirudi ziklogenesi leherkorrak Arrasaten eragin dituela kalte gehien. Zubillagako suhiltzaileek esandakoaren arabera, goizean bost irteera dituzte Arrasatera, adibidez, Musakolara eta Zerrajera ingurura. Udaltzaingoak ere kontatu du salaketa mordoa dabiltzala hartzen.

Sutea, zuhaitzak lurrera, teilak jausita, kristalak apurtuta… horixe da gaur goizean arrasatearrek aurkitu dutena herrian.

Momentu honetan egoerarik okerrenak honako lekuetan dituzte: Musakolako Elkano kalean, alde bietako etxeetako teilak lurrera jausita daudelako; Garibai etorbidean, zuhaitz bat lurrera jausita dagoelako eta markesinaren kristala apurtuta. Eta Zerrajera inguruan, etxe bloke bateko hiru solairutako leiho guztiak etxe barrura sartu zaizkiela jakinarazi dute Oñatiko suhiltzaileek.

Hiru sute, gutxienez

Etengabe lanean jardun dute suhiltzaileek gaur gauean. Izan ere, denetariko ondorioak eragin zituen atzo iluntzean eta bart gurera etorri ziren haize boladek.

Adibidez, hiru sute gertatu dira gure ibarrean, hiru, suhiltzaileek jakinarazitakoaren arabera: Arrasaten San Kristobal mendian, Elgetan txabola batean eta Bergaran San Blas auzoko baso batean. Hiru suteak emendatuta eta kontrolatuta daude.

Bestalde, pinu eta zuhaitz ugari bota ditu haizeak. Adibidez, Bergaratik Angiozarrera bidean hamar bat pinu bota zituen haizeak. Dagoeneko erretiratuta daudela kontatu dute suhiltzaileek.

 

Argindar kableak ere bota ditu haizeak, Urkulun, esaterako.

Istripua, AP1 autobidean

Baina duda barik, eragin zuen istripurik larriena AP1 autobidean gertatu zen. Suhiltzaileen arabera, 03:00ak inguruan haizeak autobidearen panel bat bota zuen, eta hiru automobilen gainera jausi zen. Zortzi zauritu eragin zituen horrek, larriak tartean. ETa autobidea etenda egon zen.

Azkoagain hankaz gora

Oñatin ere eragin ditu kalteak haizeak. Azkoagainen, esaterako, kalteak direla-eta, Aloña Mendi arratsaldean jokatzekoa zen futbol partidua bertan behera gelditu da. Haizeak futbol zelaiko aulkiak errotik atera ditu eta egoera ikusgarria da. Bestetik, Aita Madina kaleko Agustinoen elizatik harrizko irudi bat erori zen atzo ondoko etxeko teilatu gainera. Etxeko nerbioa jo zuen harri zati handiak eta zorionez, ez zuen teilatua zeharkatu. Etxean ziren bizilagunek susto ederra dute oraindik ere gorputzean. Santxolopetegin, Bikoitz jatetxe ondoko auto-kontzesionarioan txikizio ederra eragin du haizeak, lehiate bat bota baitu.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak