Haizeak 120 km/h-ko abiadura har dezake

Goiatz Arana Begiristain 2008ko urt. 15a, 16:46
Herrizaingo Sailak herritarrak ohartarazi ditu Euskal Autonomia Erkidegoko zenbait tokitan haize bolada gogorrak izango direlako gaur eta bihar; haizea 120 kilometro orduko abiadura hartzera iritsi daiteke.

Hego-mendebaldeko haizearen presentzia sumatu da goizean, baina bere indarrak ez du aparteko arazorik eragin, ez behintzat Debagoienean. Aurreikuspenak betetzen badira, ordea, haize bolada gogorrak izango dira ondorengo orduetan eta baita bihar, eguaztena,  ere. Haizearen abiadura 80 eta 100 kilometro ordukoa izatera iritsi daiteke gaur eta 120koa, bihar.

Gomendioak


Hori dela eta, haize bolada indartsuen aurrean nork bere burua babesteko, hainbat gomendio helarazi nahi dizkie herritarrei Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritzak: itxi leihoak eta pertsianak, eta kendu loreontziak, esekitako gaiak edota bestelako objektuak leiho eta balkoietatik; autoarekin saihestu kostaldeko bideak, zubiak eta haizeguneak; ez egin ur kirolik;  eta ez ibili zuhaitzen eta eraikitze lanetan dauden eraikinen inguruan.

Bost metroko olatuak


Haizearen indarrak eragina izango du, noski, itsasoan ere: litekeena da bihar  hiru metro t’erdiko olatuak izatea eta iluntzean bost metrokoak. Kostaldera hurbilduz gero, beraz, paisaia ederraz gozatzeko aukera izango duzue, baina, ez uretara gehiegi gerturatu.

Istripurik izanez gero, deitu 112 SOS Deiak-era.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak